Ekonomia -

Langabezia-tasa

8.036 langabe gehiago daude urtarrilean Hego Euskal Herrian

Espainiako Estatuan ere, gora egin du langabezia-tasak, baina 2007tik urtarrilean izan den igoerarik apalena da 2015ekoa.

2015eko urtarrilaren langabeziaren mapa. eitb.eus
Urtarrilean gora egin du langabeziak EAEn

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015eko lehen hilabetean gora egin du langabeziak Hego Euskal Herrian; zehazki, 8.036 lagun geratu ziren lan barik, Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako datuen arabera.

Denera, 221.593 lagun ari dira lan bila Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, aurreko hilabetean baino % 3,8 eta % 3,44 gehiago, hurrenez hurren.

Lurraldeka, Bizkaian hazi da gehien langabezia: % 4,11 (3.814 langabe gehiago, denetara, 96.647 lagun lan bila). Araban, % 3,84 egin du gora langabe kopuruak eta 1.033 lagunek eman zuten izena Lanbideko bulegoetan (denera, 27.964 langabe). Nafarroari dagokionez, % 3,44 hazi da langabezia, hortaz, aurreko hilabetearekin alderatuta, 1.642 gehiagok eman zuten izena enplegu-bulegoetan baina urte arteko alderaketak datu hobea azalarazten du: izan ere, 2014ko urtarrilarekin alderatuta, % 7,03 egin du behera langabeziak. Gipuzkoan izan da gorakada txikiena, % 3,36 egin baitu gora langabe kopuruak (1.547 lagun gehiago lan barik); orotara 47.554 gipuzkoar daude langabezian.

Espainiako Estatuan ere gora egin du langabeziak: 77.980 pertsona geratu ziren lan barik urtarrilean eta 4.525.691 langabe daude egun. Txarra dirudien datua, baina, ez da hainbesterainokoa, urtarrilean beti egiten baitu gora langabeziak, eta aurtengo gorakada 2007tik izan den apalena da.

Erreakzioak

Maria Isabel Garcia Malo Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariak foru erkidegoko langabeziaren datua deitoratu du. Haren hitzetan, "azken urteetako joerari eutsi zaio, Gabonetako kanpaina amaituta eta ostalaritzak eraginda, gora egiten du langabeziak urtarrilean".

Dena dela, aurreko hilabete eta urteekin alderatuta, datua hobea dela nabarmendu du Garcia Malok ohar batean. Izan ere,  16. hilabetez urte arteko tasak behera egin du eta "iaz baino 3.735 lagun gutxiago dago langabezian".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa EAE