Ekonomia -
Nafarroa
Ehunka lagun Faureciako itxieraren aurka manifestatu dira Iruñean
Euren lanpostua galduko duten 200 bat langilek itxiera saihesteko laguntza eskatu diote Nafarroako Gobernuari, "gure azken aukera baita".
Erredakzioa
Ehunka lagun manifestatu dira larunbat arratsalde honetan Iruñean Burlatako ICFko lantegia zabalik mantendu dezatela eskatzeko. Faurecia-Lear taldeak lantegi horren itxiera iragarri du.
Euren lanpostua galduko duten 200 bat langilek itxiera saihesteko laguntza eskatu diote Nafarroako Gobernuari, "gure azken aukera baita".
"Nafarroako industriaren defentsaren alde. ICF ez itxi" lelopean egin dute manifestazioa, eta beste hainbat kartel eraman dituzte: "200 familia kalean", "Zuen gutizia, gure pobrezia", "Multinazionalak, bihotzik gabeko terrorismoa" eta "Nafarroako Gobernua, antzerkirik ez, soluzioak bai" bezalako leloak izan dira irakurgai.
Halaber, pankarta handiaren atzean langileen hainbat seme-alabek osatutako talde batek beste kartel bat eraman du: "200 familietik gora, borrokan".
Manifestazioan hainbat politikari nafarrek parte hartu dute. Manifestariek Iruñeko kaleak zeharkatu dituzte, Gaztelu Plazaraino, eta bertan Burlatako lantegiaren itxieraren kontrako agiria irakurri dute, gaztelaniaz eta euskeraz.
Alfredo Sanz CCOOko kideak eta enpresa-batzordeko presidenteak esan duenez, mobilizazioen helburua lantegia zabalik mantentzea da. Horren harian, itxiera saihesteko laguntza eskatu diote Nafarroako Gobernuari, "gure azken aukera baita". "Volkswagen gure bezero nagusiarekin negoziatzen saiatzea eskatu diogu Gobernuari, ahalik eta lanpostu gehienak mantendu ditzaten".
Sanzek azaldu duenez, datorren astelehenean multinazionalak kontratatutako abokatuekin eta aholkulariekin batzartuko dira, eta arratsaldean langileen asanblada egingo dute. Hala ere, Sanzek ez du uste enpresa ordezkariekin berriro bilduko direnik, joan den osteguneko bilera "ezohikoa izan baitzen", negoziazioak abokatuen artean baino ez direlako.
"Aparteko zeozer gertatzen ez bada, ez gara berriro enpresarekin batzartuko", azaldu du CCOOko ordezkariak. Enpresa-batzordeak jakinarazi duenez, 20.000 sinaduratik gora bildu dituzte dagoeneko.