Ekonomia -
Europako Batzordea
'Juncker plana'k mesede handia egingo dio EAEri, Katainenen arabera
Europako Batzordearen presidenteordeak azpimarratu du "industriaren eta esportazioen mende egonda, etekin handia" aterako diola. Lehendakariak parte hartze zuzena eskatu du politika europarretan.
Erredakzioa
Jyrki Katainen Europako Batzordearen presidente eta Enplegu sustapen, Hazkunde, Inbertsio eta Lehiakortasun arduradunak uste du 'Juncker plana'k, Europako Inbertsio Planak, "mesede handia" egingo diola EAEri, "industriarekiko eta esportazioekiko horrenbesteko mendekotasuna" duelako.
Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, euskal erakundeek inbertsioei buruzko erabakietan parte hartze "zuzena" izatea eskatu du, "inbertsioaren errendimendua hobetzeko".
Katainen Bilbon izan da jardunaldi batzuetan, lehendakariarekin eta Iñigo Mendez de Vigo Europar Batasunerako Espainiako Estatu idazkariarekin batera. Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean antolatutako jardunaldi horietan, Europaren Inbertsio Plana eta Europar Batasunak Espainiako Estatuaren susperraldian duen papera jorratu dituzte.
Horren aurretik Zamudioko Parke Teknologikoan izan da. Izan ere, bertan 220 enpresa baino gehiago daude, Europar Batasunaren finantziazioa jaso dutenak.
Europaren Inbertsio Planak 315.000 milioi euro mobilizatuko ditu gutxienez sektore publikotik eta pribatutik 2015etik 2017ra.
Bilbon emandako hitzaldian, plan horrek EAEri egingo dion "mesede handia" izan du hizpide. Haren esanetan, merkatu bakarraren testuinguruan, "industriatik eta esportaziotik bizi den eskualde bati mesede handia egingo dio plan horrek".
Inbertsio Estrategikoetarako Europako Funtsari esker "sektore pribatuak inbertsioak" egin ahal izango dituela azpimarratu du, "maileguak lortzeko baliabideak" emango baitizkiete enpresa txiki eta ertainei.
Bestalde, lehendakariak eskerrak eman dizkio Europako Batzordeari, eta Kataineni eta bere taldeari bereziki, "Batzordeak datozen urteetan ekonomia erreala sustatzeko dituen planak" aurkeztera etortzeagatik.
Azaldu duenez, "adostasun puntuak" agerian geratu dira egin duten bileran. Izan ere, lehendakariak uste du "inbertitzeko unea" dela oraingoa, "ekoizpen ekonomia sustatzekoa eta enplegu aukerak sortzekoa".
Hala eta guztiz ere, "EAEn eta Arku Atlantikoan Europak egiten dituen inbertsio politiketan parte hartze zuzena" eskatu du.