Ekonomia -

Greba Lanbiden

Lanbideko lanpostu zerrenda erretiratzeko eskatu dute sindikatuek

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuen arabera, langileen % 70ek egin dute bat lanuztearekin. Jaurlaritzaren arabera, berriz, jarraipena % 45,55ekoa izan da.

Lanbideko langileen protesta Gasteizen

00:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan greba eguna dute gaur, lanpostuen zerrenda bertan behera uztea eskatzeko. Lanuztea deitu duten sindikatuek (LAB, ELA, CCOO eta UGT) salatu dutenez, "Eusko Jaurlaritzak lanpostuen zerrendaren dekretua erretiratzen ez badu, tentsioa areagotu egingo da Lanbiden". Jaurlaritzaren proposamenak lanpostuak suntsituko dituela nabarmendu dute.

Lanuztearen jarraipena % 70ekoa izan dela jakinarazi dute sindikatuek, eta EAEko dozena bat bulego itxita egon direla azpimarratu dute sindikatuek. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren esanetan, berriz, langileen % 45,55ek egin dute bat grebarekin, eta hamar bulegotik bi egon dira itxita.

Gasteizen manifestazioa egin dute Lanbideko langileek, Eusko Legebiltzarraren ataritik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino, "Lanbideren defentsan. Lanpostu zerrenda hau ez" goiburupean.

Jaurlaritzak Lanbiderako iazko abenduan onartutako lanpostuen zerrenda erretiratzea eskatu dute sindikatuek. Dekretu horren arabera, euskal administrazioko funtzionarioen leku-aldaketa lehiaketen bidez bete nahi dira Lanbideko 180 postu.

Goizeko protestan sindikatu guztiek Angel Toña Enplegu sailburu berriak, "bere aurrekoak ez bezala, langileak bilera batera deitu izana" ontzat jo dute. Langileen eskubideak aintzat har ditzala eskatu diote sailburuari, gizarteari behar bezalako zerbitzua eskaintzeko. Lanpostu zerrenda atzera botatzeko eskatu diote, "enplegua suntsituko duelako Lanbiden".

Ramon Uriarte ELAko ordezkariak esan duenez, Lanbideko gatazkak ez du etenik izango, baldin eta Jaurlaritzak ez badu lanpostuen zerrenda erretiratzen. "Prozesua gelditzeko inteligentzia-politikorik ez badute, arazoa non amaituko den ere ez dakigu", gaineratu du.

CCOOko Lorenzo Sebastianek ere bide beretik hitz egin du. Toñari esan dio "gatazkari konponbidea emateko aukera bat duela parez pare".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lanbide albisteak