Ekonomia -

Estatuen energia loturak

Estatuen arteko energia loturak bultzatzeko bilera gaur, Madrilen

Mariano Rajoy, François Hollande, Pedro Passos Coelho eta Jean-Claude Juncker bilduko dira bertan.

Mariano Rajoy eta François Hollande. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta François Hollande. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta François Hollande. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako, Frantziako eta Portugalgo gobernuburuek eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak goi-bilera egingo dute gaur Madrilen, Iberiar penintsularen eta Europa erdialdeko herrialdeen arteko energia loturak bultzatzeko.

Gaurko bilera egiteko konpromisoa iaz hartu zuten, Europako Kontseiluaren baitan. Batzarraren helburua Europako Inbertsio Planaren finantziazioa lor dezaketen proiektu energetiko bateratuak aztertzea da; izan ere, Jean-Claude Juncker gidari duen Europako Batzordeak 315.000 milioi euro bideratuko ditu inbertsioetara.

Goi-bileran, Junckerrekin batera, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, François Hollande Frantziako presidentea eta Pedro Passos Coelho Portugalgo lehen ministroa izango dira. Lau agintariak lotura hobetzeko "konpromiso zehatzak" lortzen ahaleginduko dira, duela aste batzuk Miguel Arias Cañete Europako Energia komisarioak aurreratu bezala.

Bileraren helburua energia loturei behin betiko bultzada ematea izango da, izan ere, Espainia eta Portugal bakartuta daude energiari dagokionez, aste honetan Europako Batzordeak egiaztatu duenez.

% 10 lortzeko helburua

Espainia eta Zipre dira, elektrizitatea ekoizteko duten gaitasuna kontuan hartuta, 2020rako % 10eko interkonexioa lortuko ez duten Europar Batasuneko herrialde bakarrak, Europar Batasunaren arabera. Hori dela eta, helburu hori lortzeko ahalegina egitea eskatu zuen.

Bestalde, Europako Batzordeak iragarri du "laguntza eta aholkularitza" emango dituela Europako diru-laguntzak jaso ditzaketen "proiektu berriak" bultzatzeko. Proiektu horien artean egon daitezke Frantzia eta Espainia arteko tarte hauek: Nafarroa-Bordele, Sabiñanigo-Marsillon eta Monzon-Cazaril.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea