Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoak
EAEko enpresen % 94k plantila mantendu ala handitu egingo dute aurten
Euskal enpresa gehienek uste dute fakturazioa, eskariak eta enplegua orain bezala edo hobeak izango direla hurrengo hiru hilabeteetan.
Marije Guerra / Euskadi Irratia
Euskal industriaren konfiantza handitzen ari da. Laboral Kutxak galdetu die EAEko enpresei apiriletik ekainera zer gertatuko den: 100etik 46k dio hobetu egingo dela ekonomiaren ingurugiroa. Euskal enpresa gehienek uste dute fakturazioa, eskariak eta enplegua orain bezala edo hobeak izango direla hurrengo hiru hilabeteetan.
Urte hasieran enpresen erdiak baino gehiago ziren uste onekoak, %53. Orain, %58k dute konfiantza: 5 puntuko igoera, hortaz.
Alderdi askotik begiratuta atzematen da hobekuntza: Fakturazioari dagokionez, 10 enpresatatik 9k esan dute diru-sarrerari orain bezala eutsiko diotela edo gehiago fakturatuko dutela.
Zenbat lan izango duten, eta zenbat inbertituko duten? Ia enpresa denek uste dute, lana orain adina izango dutela edo gehiago, eta inbertsioak ere 10etik 9 enpresak dauka oraingo mailari eusteko asmoa edo handitzekoa. Esportazioak ere, berdin. Beste datu bat Laboral Kutxaren inkestatik: 3 enpresatik batek dio orain errazagoa dela bankuetatik dirua lortzea.
Horiek horrela, lanpostuak zer, apiriletik ekainera? Bada, enpresen hiru laurdenek esan dute eutsiko diotela enpleguari eta %20k, langile gehiago hartuko dituztela. Euskadiko Erkidegoko enpresen %6k bakarrik erantzun du soildu egingo duela plantilla.