Ekonomia -
Merkataritza Ganbera
Beasaingo Indarrentzat izan da Gipuzkoako 2015eko enpresa saria
Merkataritza Ganberak azpimarratu du Gipuzkoak 22.148 milioi euroko BPGarekin itxi zuela 2014a, aurreko urtean baino % 1,4 gehiago.
Erredakzioa
Beasaingo Indar enpresak jaso du Merkataritza Ganberaren Gipuzkoako 2015eko enpresa saria, aurreko urtean lortutako "emaitza azpimarragarriengatik" eta duen "hobetzeko jarreragatik".
Indar eta beste hiru enpresa gipuzkoar (RTS S.A., Ederfil Becker eta Nem Solutions) saritu dituzte gaur, sari banaketaren 23. edizioan, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako sailburua eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia bertan zirela, Merkataritza Ganberaren egoitzan.
Golardoak eman aurretik, Endika Sanchez Agirre ganberaren idazkariak egoera ekonomikoaren balantzea egin du.
Sanchez Agirrek azpimarratu du Gipuzkoak 22.148 milioi euroko BPGarekin itxi zuela 2014a, aurreko urtean baino % 1,4 gehiago.
Indarri eman diote 23. edizioko sari nagusia, "hobetzeko jarrerari esker" iaz "emaitza azpimarragarriak lortu zituelako, 2008an mundu mailako krisiari, sektore eolikoko inbertsioen beherakadari eta sute bati aurre egin ostean"”.
1940n abian jarria eta egun Ingeteam taldeko kide dena da makina elektriko errotatibo ekoizle nagusia, eta lantegiak ditu Beasainen, AEBn eta Mexikon, urtean 129 milioi euroko salmentak lortzeko.
Nazioarteratze saria RTS, S.A Mendaroko enpresak jaso du, "kudeaketa bikainagatik eta nazioarteko merkatuaren aldeko apustuagatik", Legorretan eta Alegian lantegiak dituen Ederfil Becker kooperatibak industria alorreko enpresa txiki eta ertainaren saria eskuratu du, eta Nem Solutions donostiarrak zerbitzu enpresarena.