Ekonomia -

Bilbo

Izar kalte-ordaina ordaintzera zigortua amiantoak hildako bat dela eta

Ontziolak 83.505 euro ordaindu beharko dizkio 2010ean hildako langile baten senideei. Behargina birikietako mesotelioma batek jota hil zen eta gaitza amiantoak eragin zion, lanean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Arlo Sozialeko 3 zenbakiko Epaitegiak beste zigor bat ezarri die Izar Construcciones Navales eta Construcciones Navales del Norte enpresei eta 83.505,72 euro ordaindu beharko dizkiete Miguel A.L. 73 urterekin hildako beharginaren alargun eta seme-alabei.

AVISAME Amiantoaren Biktimen Elkarteak jakinarazi duenez, langilea 2010ean hil zen, amiantoarekin lan egiteak eragin zion birikietako mesotelioma batek jota.

Hildakoak "1971etik lan egin zuen, margotzen, estoldak jartzen eta soldatzen. Instalaciones y Montajes Industriales enpresak kontratatu zuen; enpresa Astilleros Españoles (ondoren Izar Construcciones Navales) konpainiaren azpikontrata zen".

Enpresa horrek hainbat epaiketa galdu ditu dagoeneko, amiantoarekin lotutako gaixotasun eta heriotzengatik, baina kalte-ordainen kontra azaltzen da: "1940-1982 urteetan ez zegoen amiantoaren aurrean prebentzioa jasotzen zuen araudirik, azterketa medikuak egiten ziren eta langileei maskarak ematen zitzaizkien".

AVISAMEren arabera, aldiz, asbestosis gaitza 1961etik arautua zegoen eta, ordurako, epaiak ere izan ziren, Auzitegi Gorenaren Doktrinan oinarritutakoak "babesteko egindako legedia jasotzen duena eta ontziolak ez du bete".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Auzitegi Gorena argazkiak Lana