Ekonomia -
Esne ekoizpena
Esne kuotak desagertuko direla eta, kezkatuta daude euskal ekoizleak
Hainbat herrialderen ekoizpen erraldoiaren ondorioz, esne litroaren prezioak behera egingo duen beldur dira Euskal Herriko ganaduzaleak.
EITB.EUS
30 urtez Europar Batasunean indarrean egon diren esne kuotak desagertuko dira gaurtik aurrera, eta, hala, nahi beste ekoitzi ahalko dute abeltzainek. Liberalizazioaren aurrean, kezkatuta agertu dira Euskal Herriko ekoizleak.
Orain arte, EBko herrialde bakoitzak muga bat zuen, eta hortik gora ezin zen esne gehiago ekoitzi. Gaurtik aurrera, sektorearen joko-arauak erabat aldatuko dira eta nahi adina ekoitzi ahalko dute.
Erresuma Batuko edo Herbehereetako ekoizpen erraldoia gure merkatuan sartu eta esnea gehiegi merkatuko den beldur dira euskal ganaduzaleak. Izan ere, debekuak debeku, azken urteetan hainbat herrialdek igota zuten esne produkzioa, eta horrek eragina izan du prezioan.
Euskal abeltzainentzat, liberalizazioaren "mehatxu handiena" esne litroaren prezioak behera egitea da. Otsailean 35 zentimoan saldu zuten esne litroa.
Hego Euskal Herriko esne ekoizleen % 75 (420 etxalde) Kaikun daude bilduta. Antolatuta egoteak "abantailak" dituela agertu dute ganaduzaleek.
Esne kuota desagertzeak, besteak beste, Irlanda, Danimarka eta Herbehereetako ganaduzaleei egingo die mesede, Jon Agirre abeltzainaren ustez.