Ekonomia -
Inditex
Amancio Ortegak 17.246 milioi handitu du bere ondasuna, 100 egunean
Inditex taldeko fundatzailearen ondasun pertsonala 62.000 milioi eurokoa da une honetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Amancio Ortega Inditex taldeko fundatzaile eta munduko laugarren pertsona aberatsenak 17.246 milioi euro handitu du bere ondasuna urteko lehen 100 egunetan, higiezinen sektorean egindako inbertsioen eta bere konpainiek burtsan duten osasun onaren ondorioz.
Azken hilabeteetan, Ortegak hainbat inbertsio egin ditu higiezinen sektorean, Pontegadea konpainiaren bitartez. Azkena asteburu honetan bertan eman du ezagutzera The Sunday Times egunkari britainiarrak: 20.000 metro karratuko eraikin bat erosi du Londresen, Oxford Street kalean. Horretan, Primark konpainiaren, hots, Zararen lehiakide nagusietako baten, denda bat dago.
Ortegak hainbat eraikin ditu jada Erresuma Batuko hiriburuan. Aurten bertan, Rio Tinto multinazionalaren egoitza erosi du, 366 milioi euroren truke.
Gainera, aurretik ere bazen Primark konpainiaren errentatzailea. Izan ere, duela gutxi Madrilgo Gran Vía kaleko 32. zenbakian dagoen eraikina erosi du, eta aipatutako konpainia horretako denda bat zabalduko dute aurki bertan.
Bestalde, Inditexeko akzioak % 30,27 garestitu dira urtarrilaren 1etik. Horrenbestez taldearen kapitalizazioa 96.242 milioi eurokoa da une honetan.
Ortega Inditexeko akziodun nagusia da, % 59ko parte-hartzea baitu, eta aurten 961 milioi euro jasoko ditu dibidendutan. Iaz, 894,4 milioi izan ziren.