Ekonomia -
Enplegu plana
Langile publikoak zahartzea 'eragotzi' nahi du Eusko Jaurlaritzak
EAEko langile publikoek batez beste 51 urte dituzte, eta 2014tik 2030era bitartean beharginen % 68k erretiroa hartuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
EAEko Administrazio Publikoaren zerbitzu orokorretako ia 5.000 langileentzako aurreneko Enplegu Plana egiten ari da Eusko Jaurlaritza. Horrela, sindikatuekin elkarlanean langile publikoen zahartzea “eragotzi” nahi du Gasteizko Exekutiboak; izan ere, behargin publikoek batez beste 51 urte dituzte. Bestalde, bitarteko langileak % 33,90 dira. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortu nahi du Jaurlaritzak, eta baita lanpostuak administrazio publiko elektronikoaren beharrizanetara egokitu ere.
Aurreneko Enplegu Planaren zirriborroa aztertu du astearte honetan Gobernu Kontseiluak. EAEko Administrazioan lan egiten duten behargin publikoen egoera aztertzeko helburua du egitasmoak.
Xedea lanpostuen eta 4.888 funtzionario eta bitarteko langileen “argazki” edo diagnostiko bat egitea dela azaldu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan. Horrela, sektore publikoaren “berrantolaketa eraginkor bat planteatu” nahi du Jaurlaritzak, erantsi duenez.
Langileak gaztetu
Testuak beharginak gaztetzea du helburu. Horretarako, langile berriak sartuko dituzte, baina bitarteko beharginak deskapitalizatu gabe, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna areagotuko dute eta Administrazioa modernizatuko dute lanpostuak teknologia berrietara egokituz.
2030era arte behargin publikoen % 68k erretiroa hartuko duela ondorioztatu du azterketak, eta bitarteko langileen tasa % 33,90ekoa dela azaldu du, “gehienak emakumeak”. Zentzu horretan, genero desberdintasunak antzeman dituzte; izan ere, emakume teknikarien kopurua % 57,90ekoa da, baina buruzagiak % 42,66 baino ez dira.
Bozeramailearen hitzetan, testua “aurrerakoia, berritzailea eta modernoa” da. Gainera, sindikatuen eta erakundeen ekarpenak jaso ditu, goraipatu duenez.
Erkorekak azaldu duenez, zirriborroa astelehenean aurkeztu zien Exekutiboak sindikatuei, helburua “elkarlanean” aritzea baita “antzemandako arazoak konpontzeko”.