Ekonomia -

ASLE

218 enpresa berri eta 1.000 lanpostu sortuko ditu proiektu batek EAEn

Egitasmoa Europako Gizarte Funtsaren bidez aurrera eramango dute Euskadiko Lan Sozietateek (ASLE); izan ere proiektuaren erdia finantzatuko du Funtsak. Eusko Jaurlaritzaren lankidetza ere izango du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost urteko proiektu bat martxan jarriko dute Euskadiko Lan Sozietateek (ASLE) aurten. Egitasmoarekin 218 enpresa berri eta 1.090 lanpostu sortu nahi dituzte.

Egitasmoa Europako Gizarte Funtsaren bidez aurrera eramango dute; izan ere, proiektuaren erdia finantzatuko du Funtsak. Eusko Jaurlaritzaren lankidetza ere izango du. Planak 2,6 milioi euroko finantziazioa izango du. Euskal Herriko Unibertsitateak, CCOO sindikatuak, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Iraurgi Berritzen Urolako Garapen Agentziak egitasmoan parte hartuko dute, ASLEk agiri batean gaur azaldu duenez.

'Lanzituz, Lan Sozietateak Sortuz' proiektuarekin lan sozietateen kopuruak % 33 gora egingo luke bost urtetan (egun 659 daude eta 876 izango lirateke bost urte barru). Era berean, sektoreko enpleguak % 16,3 gora egingo luke (egun 6.648 langile; 7.731 bost urte barru).

Langabeak

2020ko plan estrategikoan langabeak mobilizatu nahi ditu ASLEk. “Lan sozietateen hazkundea eta enpleguarekin konpromisoa” jasotzen ditu egitasmo estrategikoak, Josetxo Hernandez ASLEko gerenteak azaldu duenez.

ASLE 10.000 langaberekin harremanetan jarriko da, lan merkatura sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboekin bereziki, emakumeekin eta langabezia denbora asko daramatzaten pertsonekin esaterako. Gainera, 25 urtez azpikoen, urrituen eta 54 urtez gorakoen kolektiboak kontuan izango ditu planak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Espainian 2024 Euskal Autonomia Erkidegoa