Ekonomia -
Lan istripua
Bi langile zauritu dira Donostiako autobus geltoki berriko lanetan
Lau metroko altueratik erori dira, eta langileetako batek aldaka hautsi du, eta besteak, berriz, eskuin eskuko behatzak. Ondorioz, Donostia Ospitalera eraman dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi langile zauritu dira Donostiako autobus geltoki berriko lanetan gaur izandako istripuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Osakidetzak jakitera eman dutenez.
Zauritutako bi langileak egonkor daude, baina Donostia Ospitaleko Larrialdietarako Unitatera eraman dituzte, hainbat proba egitera; langileetako batek aldakan haustura du, eta besteak eskuineko eskuko hatzetan hainbat haustura.
08:15 inguruan izan da istripua. Bi beharginak 4 metroko altueratik behera erori dira, baina oraindik ez dute zehaztu zerk eragin duen ezbeharra.
Istripuaren lekura bertaratu diren osasun langileek tokian bertan artatu dituzte bi langileak, ospitalera eraman aurretik, eta suhiltzaileak eta udaltzainak ere bertaratu dira.