Ekonomia -
Lege berria
Sindikatuak mutualitateen legearen kontra, laneko osasunaren egunean
ELAren, CCOOren, LABen eta UGTren ustez, osasun publikoa pribatizatzeko "beste urrats bat" da lege berria.
agentziak | erredakzioa
Euskal sindikatuak mutualitateen lege berriaren kontra agertu dira gaur, laneko osasunaren nazioarteko egunaren harira egin dituzten ekitaldietan, osasun publikoa pribatizatzeko "beste urrats bat" delakoan.
Gai horretan bat egin eta prekarietateak laneko osasuna kolokan jartzen duela irizten badiote ere, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk bakoitzak bere aldetik egin dituzte ekitaldiak, gehienak Bilbon.
ELAk 600 ordezkari inguru bildu ditu Bizkaiko hiriburuan egindako batzarrean, Adolfo 'Txiki' Muñoz idazkari nagusia tartean.
Bilkura amaitu eta Confebask euskal patronalaren egoitzaraino manifestazioa egin ostean, mutualitateen lege berriaren kontra jo du Leire Txakartegi ELAren laneko segurtasun eta osasun alorreko arduradunak. "Sistema publikoa pribatizatzeko eta langile klasearen osasunaren babesa patronalaren esku uzteko beste pauso bat da", adierazi du kazetarien aurrean Txakartegik.
Sindikatuko kideak ohartarazi du laneko istripu eta gaixotasun profesional asko "ezkutuan" geratzen direla enpleguaren ezegonkortasunik ezaren ondorioz, horiek pairatzen dituzten langileek salatzeko beldurra izaten dutelako.
CCOO-Euskadik ere Bilbon ospatu du eguna, batzar bat eta manifestazio bat eginez. Unai Sordo sindikatuko idazkari nagusia "arazo komunen kudeaketa" mutuen esku uztearen aurka agertu da, horrek "osasunaren dualizazioa" eragin dezakeelakoan; izan ere, "aktiboentzako osasun arlo bat eta pasiboentzako beste bat egon daiteke".
Era berean, LABek mobilizazioak deitu ditu Bilbon eta Donostian osasun publikoaren defentsan eta mutualitateen lege berriaren kontra, enpresei botere handiagoa ematen dielako eta osasun publikoaren sistemaren "pribatizazioa" dakarrelako.
Bestalde, Raul Arza UGT-Euskadiren buruaren ustez, PPren Espainiako Gobernuak egindako erreformarekin, mutualitateak "langileen eta mediku zerbitzuen polizia eta fiskal bihurtzen dira".