Ekonomia -
Errenta Aitorpena 2014
Bizkaiko Ogasunak 178 milioi itzuliko ditu kanpainaren lehen egunean
2014ko errentaren kanpainan 590.000 aitorpen egitea aurreikusi du Bizkaiko Foru Ogasunak. Horietatik % 76 itzultzekoak izango dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaur abiatu da Bizkaian 2014ko Errenta Aitorpenaren kanpaina, eta lehen egun honetan 178,5 milioi euro itzuliko dizkie herritarrei Foru Ogasunak. Hain zuzen, Ogasunak berak egindako likidazio proposamena jada ontzat eman duten zergapekoei itzuliko zaie dirua gaur.
Ekainaren 30era arte egongo da martxan aitorpena egiteko kanpaina. Ogasuneko arduradunek esan dutenez, normaltasun osoz eman diote hasiera.
Orotara, aurten, 350.000 likidazio proposamen egin ditu Bizkaiko Foru Ogasunak, 'Rentanet Etxean' programaren baitan.
2014ko errentaren kanpainan 590.000 aitorpen egitea aurreikusi du Bizkaiko Foru Ogasunak. Horietatik % 76 itzultzekoak izango dira: 430 milioi euro inguru itzuliko ditu Ogasunak, batez beste, 960 euro herritar bakoitzari. Zergadunen % 24k , berriz, ordaindu egin beharko dio Ogasunari: 200 milioi euro jasotzea aurreikusi du Foru Ogasunak.
2013ko kanpainarekin alderatuta, aurtengo kanpainak "aldaketa esanguratsuak" eskaintzen dituela esan du Foru Ogasunak, batez ere, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan.