Ekonomia -
Igoera
2015ean Espainia % 2,8 haziko dela aurreikusi du Bruselak
2016an ere aurreikusita zegoena baino gehiago (% 2,6) igoko da ekonomia, betiere Europako Batzordearen arabera. Espainiako Gobernua baikorragoa da.
Agentziak | Erredakzioa
2015ean Espainiako ekonomia urte hasieran esandakoa baino gehiago haziko dela uste du Europako Batzordeak (EB), Pierre Moscovici Ekonomia Gaietako komisarioak jakinarazi dituen aurreikuspen ekonomikoen arabera.
Zehazki, Espainiako Barne Produktu Gordina % 2,8 haziko da 2015ean, eta % 2,6, 2016an. Espainiako Gobernuak egindako aurreikuspenetik behera daude, dena dela, Bruselak egindako hauek (hamarren bat eta hiru hamarren, hurrenez hurren).
Udaberrian egindako aurreikuspen makroekonomikoen arabera, barne eskaria izango da Espainiako ekonomiaren eragile nagusia. Lan merkatuan eta kontsumitzaile eta finantza erakundeen konfiantzan hobekuntza espero da, eta, horiek lagun, hazi egingo da ekonomia.
Bruselaren iritzian, 2015eko lehen hiruhilekoan gora egin du ekonomiak, baina bigarrenean hazkunde hori apaldu egingo da. Batzordearen arabera, baina, 2016ra arte behintzat, goranzko joerari eutsiko dio Espainiako ekonomiak.
Rajoyren gobernuak aurreikusitakoaren azpitik daude datuok. Espainiako Gobernuaren arabera, % 2,9 igoko da BPGa 2015ean eta 2016an, eta % 3ra iritsiko da 2018rako.
Bruselak egindako kalkuluak, berriz, Nazioarteko Diru Funtsak egindakoak baino baikorragoak dira.
Langabeziaren inguruko aurreikuspenei dagokienez, urtarrilean espero zituztenak baino datu hobeak izango ditu Espainiak. Bruselak gaur aurkeztutako datuen arabera, tasa % 22,4koa izango da 2015ean eta % 20,5ekoa, 2016an.
Inflazioa hizpide hartuta, negatiboan jarraituko duela uste du Bruselak. "- % 0,6an kokatuko da 2015ean, petrolioaren prezioaren gainbeherak eraginda". 2016an, berriz, % 1,1 garestituko dira prezioak, horren arabera.