Ekonomia -
Dibisen merkatua
Sei banku handiri ia 6.000 milioi euroko isuna ezarri diete
AEBetako eta Erresuma Batuko arduradunek UBS, Barclays, Citigroup, JPMorgan, RBS eta Bank of America zigortu dituzte dibisen merkatuan izandako jokabideagatik.
Agentziak | Erredakzioa
AEBetako eta Erresuma Batuko agintariek UBS, Barclays, Citigroup, JPMorgan, RBS eta Bank of America bankuei 6.357 milioi dolarreko (5.780 milioi euro) zigorra ezarri diete dibisen merkatuan izan duten jokabideagatik.
Gainera, AEBetako Justizia Departamentuak eta Erreserba Federalak kargu kriminalak aurkeztu dituzte UBS, Barclays, Citigroup, JPMorgan eta RBSren aurka kanbio-tasak manipulatzeagatik.
Citicorp Citigroupen filiala, JPMorgan Chase, Barclays eta RBS bankuek erruduntzat aitortu dute euren burua, euro/dolar kanbioa ezartzeko orduan trustaren kontrako araudia urratzeagatik. Bien bitartean, UBSk kanbio-tasak manipulatzeagatik erruduntzat aitortu du bere burua.
Suitzako bankua agintariekin kolaboratzen lehena izan da, eta immunitate bermea jaso du trukean. Horrela, ez die kargu kriminalei aurre egin behar izango dibisen merkatuan izandako jokabideagatik. Hala ere, 203 milioi dolarreko (184 milioi euro) isuna ordaindu beharko dio AEBetako Justizia Departamentuari, eta beste 342 milioi dolar (311 milioi euro) Erreserba Federalari.