Ekonomia -
Ontziteria ekoizpena
Vicrila Taldeak lantegi berria irekiko du Leioan
Guztira, 14 milioi euro inbertituko ditu platera eta ontziteria ekoizpena martxan jartzeko. Urte eta erdi barru prest izango da, eta 50 lanpostu zuzen eta zeharkako 50 sortuko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Vicrila Taldeak 14 milioi euro inbertituko ditu Leioako lantegian platerak eta ontziteria egiteko ekoizpen lerro berria martxan jartzeko. Gainera, 50 lanpostu zuzen eta zeharkako beste hainbeste lanpostu sortuko dira.
Santiago Alonso Vicrila Taldeko lehendakariorde, Carlos Olabe zuzendari nagusiak eta Joseba Jauregi Vicrila Fundazioko zuzendariak ekoizpen lerro berriari buruzko xehetasunak eman dituzte gaur Bilbon. Azaldu dutenez, hasiera batean ekoizpena Marokora eramatea aurreikusi zuten, baina azkenean Leioako lantegiaren aldeko hautua egin dute eta "datorren urtearen erdi aldera edo amaieran" zabalduko ditu ateak.
Taldeko lehendakariordearen hitzetan, erabakia aldatzeko garrantzitsuak izan dira Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza eta enpresak berak egindako inbertsio ahalegina.
Ildo horretan, Alonsok esan du enpresak beti nahi izan duela proiektua Euskal Autonomia Erkidegora ekarri, baina "finantza krisiak eta kreditua lortzeko zailtasunek" ezinezko egiten zutela. Hala ere, Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak finantzazioa lortzeko laguntza eskaini diotenean ekoizpena Leioara eramatea erabaki omen zuten; izan ere, "Opal egiten dakiten langileak ditugu, industria berriari babesa emateko azpiegiturak ditugu eta baita epe laburragoak ere".
Enpresak 125 urte beteko ditu aurten eta 14 milioi euroko inbertsioa egingo du makinarian eta labeetan. Aurreikuspenen arabera, "kualifikazio altuko" 50 lanpostu zuzen sortuko ditu eta zeharkako 50 lanpostu. Gainera, inguruan aberastasuna sortuko du, inguruko hornitzaileei erosketak egiteko asmoa agertu du-eta.
Leioako lantegian edalontziak eta kopak ekoizten dituzte orain, eta epe laburrean platerak eta ontziteria egiten hasiko dira. Bestalde, Vicrilako Leioako lantegian 300 langile finkok egiten dute lan.