Ekonomia -
Hiru urte itxita egon eta gero
Azkue Altzariak Azpeitiko lantegia inauguratu du
Duela hiru urte hartzekodunen konkurtso batengatik enpresa itxi ostean, aurreikusitako fakturazioa hemendik urtebetera betetzea espero du Azkue berriak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Duela hiru urte hartzekodunen konkurtso batengatik Azkue Altzariak enpresa itxi behar izan ostean, Azkue berriak ateak ireki ditu larunbat honetan Azpeitian (Gipuzkoa). Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburua eta Martin Garitano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusia inaugurazio-ekitaldian izan dira.
Azkue enpresako arduradunek jakinarazi dutenez, aurreikusitako fakturazioa hemendik urtebetera betetzea espero dute.
Ekoizpenaren hasieran atzerapena izan da "prozesu judizialaren ondorioz" enpresaren ondasunak erosteko atzeratu egin delako, enpresaren arduradunek gaur azaldu dutenez. Azkue zaharreko langile ohiek eta Torrelavegako bazkidek osatutako lan-gizartea da Azkue berria martxan jarri duena.
Lanpar Langileen Partaidetzako diru-funtsak aktibatuko dituen lehen enpresa Azkue izatea espero du Arantxa Tapia sailburuak. Lanparrak Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Lan-Gizarteen Elkarteak sustatutako funtsak ditu.
"Funtsa horiek gauzatzea ez da erraza, enpresen aldetik aurretiazko lan handia eskatzen baitu, baina Azkuek bide hori egin du jada", esan du sailburuak. Halaber, "bide horretan Jaurlaritza Azkueren laguna" izango dela iragarri du.
Gazte-logelentzako altzariak ekoizten hasiko da Azkue hemendik hilabetera. Bi banaketa-kate ditu, eta bakoitzak 100 dendatik gora ditu. Halaber, udazkenerako goi-mailako gamako altzariak ekoizten hasiko dira, AEBko bezero batek 2.000 ohe eskatu dituelako, eta Dubaiko beste bezero batek, berriz, 700 armairu.
Azkueko ordezkariek azaldu dutenez, datozen asteetan fakturazioa iristen hasiko da pixkanaka, 350.000 euro inguru, hain zuzen ere. Bazkide langileak euren soldatak hasiko dira kobratzen datorren astean, eta bazkideak ez diren langileak, ordea, lanean hasi direnetik ari dira soldata jasotzen.