Ekonomia -
Gazteriaren Kontseilua
Prekarietatearen aurka borroka egiteko 17 'errezeta' planteatu dituzte
Besteak beste, hezkuntza edo praktika kontratuak eta bekak desagertzea eskatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, gazteen lan eskubideak murrizten dituztelako.
Agentziak | Erredakzioa
Prekarietatearen kontra borroka egiteko eta gazteen kalitatezko lanpostuak bultzatzeko 17 “errezeta” aurkeztu ditu gaur Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK). Lanean dauden gazteen “% 95ek aldi baterako kontratuak dituzte”, salatu duenez.
Itsaso Andueza EGKko presidenteak dokumentuaren berri eman du gaur, gazteen enplegu duina politika publikoen bidez bultzatzeko. Proposamenen errezeta-liburu bat aurkeztu du Anduezak.
“Gazteen errezetak gazteei lanpostuak emateko” agiria azaldu du EGKko presidenteak. Gazteen langabezia-tasa % 30ekoa da Euskadin, eta lanpostu bat duten gazteen % 22 ez dira euren soldatekin hilabete bukaerara heltzen, dokumentuaren arabera.
Enplegu publikoaren egitasmoetan salbuespeneko kontratu formulak ezabatzea planteatu du EGKk, hala nola, hezkuntza edo praktika kontratuak eta bekak. Gazteriaren Kontseiluaren hitzetan, gazteen lan eskubideak murrizten dituzte kontratu horiek.
Ikuskapenak eta kuotak
Bestalde, gazteen lan baldintzak aztertzeko ikuskapenak egitea proposatu du EGKk, “autonomo faltsuak”, kontraturik gabeko lanpostuak edo ordu gutxiko kontratuak antzemateko.
Kontratazio publikoan klausula sozialak barneratzea planteatu du Kontseiluak. Horrela, gazteentzako kuotak ezartzea edo Administrazio Publikoari eta enpresa pribatuari belaunaldi aldaketa bultzatzeko Lan Eskaintza Publikoa eta ordezko kontratuak sustatzea eskatu die.
Orientazio berezia eta diru-sarrerak bermatzeko errenta
Lanbiden gazteak laguntzeko zerbitzu bat izatea proposatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak.
Azkenik, diru-sarrerak bermatzeko errenta edo Larrialdi Diru-laguntzak jasotzeko orduan gazteek aurkitzen dituzten oztopoak desagertu beharko liratekeela uste du EGKk.