Ekonomia -

Burtsan

Euskaltelek 9,5 euroan salduko ditu akzioak asteazkenetik aurrera

Horrek konpainiari 1.202 milioi euroko balioa emango dio, Europa Press agentziak aditzera eman duenez.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltel konpainia asteazkenean hasiko da burtsan kotizatzen, eta akzio bakoitza 9,50 euroan salduko da. Horrek konpainiari 1.202 milioi euroko balioa emango dio, Europa Press agentziak aditzera eman duenez.

Prezioa 8,7 eta 11,05 euroren artean kokatu behar zuen Euskaltelek, eta akzio bakoitza 9,50 euroan saltzea erabaki du azkenean.

Guztira 80 milioi akzio jarriko dira salgai; hau da, enpresaren % 63.

Eskariaren prospekzioa itxita dago, eta erabakitako prezioa 9,5 eurokoa da. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak astelehenean eman du operazio horren berri.

Guztira 80,4 milioi akzio jarriko dituzte salgai akziodunek (Kutxabank, Iberdrola eta International Cable enpresek); enpresaren % 63,55, hain zuzen ere. Kutxabankek murriztu egingo du Euskaltelen duen parte-hartzea (% 49,9tik % 30,10era) eta beste bi bazkideek akzio guztiak salduko dituzte.

Ikertzeko eskatu dio ELAk fiskalari

Bestalde, Euskaltel butsara ateratzeko prozesua ikertzeko eskatu dio ELA sindikatuak EAEko fiskalburuari. Izan ere, ELAren ustez, ezerk ez du azaltzen konpainiaren akzioak funts pribatuen eskuetara pasatu ondoren enpresak izan duen “balio handitze ikaragarria”.

“Duela bi urte eskas 200 milioi inbertitu zituzten funtsek orain 600 milioi jasotzea ulergaitza da. Eserita egotearen truke baino ez, bi urteren buruan irabaziak hirukoiztu egingo zituztela nola jakin zuten argitu beharra dago”, esan du ELAk agiri baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaltel albisteak