Ekonomia -
HKEE-ren osoko bilkura
Jose Luis Bilbao, Herri Kontuen Epaitegiko presidente berria
"Legea betetzeko aukeratu gaituzte, eta hori da egiten saiatuko garena", esan du Jose Luis Bilbaok.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi ohia izango da, datozen bost urteetan, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidente berria, Jose Ignacio Martinez Churiaqueren tokia hartuz.
Organo horretako zazpi kide berriek kargua zinatu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, Bakartxo Tejeria presidenteak zuzendutako ekitaldi batean. Horrez gain, Bilbao presidente aukeratu dute.
Bestalde, Jose Angel Quintanilla sozialistek proposatutako hautagaietako bat izango da Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteordea.
Ekainaren 25ean izendatu zituzten zazpi kide berriak: Jose Luis Bilbao, Begoña Marijuan eta Eusebio Melero (EAJk proposatutakoak), Jose Angel Quintanilla eta Jesus Mariano Garcia (PSE-EEren proposamenak), Xabier Txokarro (EH Bildu) eta Teresa Crespo (PP).
Zazpi kideek euren karguak hartuta, Bilbao presidente berriak hitz gutxi batzuk esan ditu hedabideen aurrean: "Legea betetzeko aukeratu gaituzte, eta hori da egiten saiatuko garena". Horrez gain, Herri Kontuen epaitegi berriak uztailean bertan aurreneko bilkura egin dezakeela aurreratu du Jose Luis Bilbaok.