Ekonomia -

lan gatazka

Jaurlaritzak Lanbideren gainean egindako proposamena baztertu du ELAk

Sindikatuak salatu duenez, proposamenak "soldata-maila bikoitza" dakar eta "190 langile kaleratzea ahalbideratzen du".

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren lan-gatazka konpontzeko bidean, Eusko Jaurlaritzak azken egunetan helarazi dion proposamenari "ezezko biribila" eman dio ELA sindikatuak, erakunde honetako langileen arazoak bere horretan uzten dituela argudiatuta.

Sindikatuak salatu duenez, Toñak zuzentzen duen sailaren proposamenak "soldata-maila bikoitza" dakar beharginentzat eta "190 langile kaleratzea ahalbideratzen du".

Ezezkoa ostegunean Jaurlaritzaren eta sindikatuen artean egingo den mahai sektorialeko bilerara eramango du ELAk, eta erakunde honetarako enplegu plana eskatuko du. Egun horretarako, elkarretaratzea deitu du sindikatuak, eta "mobilizazioak egiteko proposamenari" eutsiko diola ohartarazi du.

ELAren aburuz, Jaurlaritzak Lanbideren lan-gatazka konpontzeko martxan jarritako lantalde teknikoaren emaitzak "etsigarriak" dira oso. Nabarmendu duenez, birritan bildu da lantaldea, eta agerian geratu da bi aldeek aurkeztutako proposamenen arteko aldea.

Azken proposamenak "soldaten auziari soilik erantzuten dio", ELAren hitzetan, eta "soldata-maila bikoitza" eragiten du. Hori, sindikatuaren esanetan, "onartezina" da. 

Eusko Jaurlaritzaren proposamenak "hiru maila ezberdinetako (administratzaileak, orientatzaileak eta teknikariak) 190 langile kaleratzea ahalbideratzen du", ELAk salatu duenez. "Ez du ezer zehazten epai bidezko mugagabeko langileen egonkortzeaz. Ez du proposatzen Lanbideko langile guztiek lanpostu hutsetara aurkezteko aukera izan dezaten. Ez ditu tokiko bulegoetako lanpostuak gehitzen...", erantsi du sindikatuak ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Lanbide bideoak