Ekonomia -

2014ko errenta kanpaina

Gipuzkoak 29,5 milioiko saldoarekin itxi du 2014ko errentaren kanpaina

2013ko datuekin alderatuta, diru bilketa 17,5 milioi eurotan hazi da, aldiz, itzulketak 12 milioi jaitsi dira.

Javier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatua. Artxiboko irudia: EiTB
Javier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatua. Artxiboko irudia: EiTB
Javier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatua. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Ogasunak 168,5 milioi euro jaso ditu 2014ko errentaren kanpainan, aurreko aldian baino 17,5 milioi gehiago. Halaber, Ogasunak 299,5 milioi euro itzuli dizkie errenta aitorpena egin duten zergadunei, iaz baino 12 milioi gutxiago. Hortaz, 29,5 milioi euroko saldo positiboarekin itxi du 2014ko errentaren kanpaina Gipuzkoak. 2013an 151 milioi euro bildu eta 311 milioi itzuli zituen.

Javier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatuak eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketarako zuzendariorde nagusiak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean 2014ko errenta kanpainari buruzko datuak emateko. Ogasunak ia 30 milioi euroko saldoa lortu du bere alde eta emaitza hori jarduera ekonomikoari eta zerga araudian egindako aldaketei esker izan dela esan du Larrañaga diputatuak. Halaber, iruzurrari aurre egiteko hartutako neurriak eta beren diru-iturri nagusi bakarra ondarea den zergadunen aurrezki-oinarrietan egindako aldaketak nabarmendu ditu.

Iaz baino errenta aitorpen gutxiago egin dira 2014an Gipuzkoan: 2013an 379.000 egin ziren eta 2014an, ostera, 373.291. Horietatik, 278.465 kasutan Ogasunak dirua itzuli dio zergadunari eta 94.826 kasutan, aldiz, alderantziz.

Aberastasun Handien gaineko Zergari dagokionez, 8.035 zergadunek 59 milioi euro ordaindu dizkiote Ogasunari, aurreko kanpainan baino bi milioi euro gehiago.

Ildo horretan, Larrañagak esan du mahai gainean dutela Aberastasun Handien gaineko Zergaren erreforma egitea, baina ez du datarik zehaztu. "Proiektua zehazten dugunean gizartearekin partekatuko dugu", gaineratu du.

Kazetarien galderei erantzunez esan du diru-bilketan igoera izan dela, baina oraingoz ez dutela zergak jaistea aurreikusten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Errenta aitorpena