Ekonomia -

'Euskadi Alai'ren uretaratzea

Erkoreka: 'Nazioarteko izozkailu-atunontzien % 9 Euskadikoak dira'

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen iritzian, horrek lagunduta, Euskadi "benetako potentzia globala eta berritzailea da".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
'Euskadi Alai' atunontzia bataiatu dute Getxon

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak larunbat honetan adierazi duenez, nazioarteko flotan, izozkailu-atunontzien % 9 Euskadikoak dira. Horri esker, Euskadi "benetako potentzia globala eta berritzailea da".

'Euskadi Alai' hozkailu-atunketariaren uretaratzean izan da gaur Erkoreka. Santurtziko Zamakona Ontziolak egindako ontzia da, Echebastar enpresa bermeotarrarentzat, alegia.

Getxoko gurutzaontzi-kaian egin dute ekitaldia, eta bertan Erkorekak azpimarratu duenez, ontzi horrek "teknologia modernoena du". Halaber, "primeran doan" alor horretan, Euskadi abangoardian dagoela gaineratu du.

Azken bi urtetan Zamakona Ontziolak aipatutako enpresa bermeotarrari saldutako hirugarren hozkailu-atunketaria da 'Euskadi 'Alai'a, eta hirurek ezagaurri antzekoak dituzte, bi enpresek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Santurtziko ontziolek egindako 738. ontzia da 'Euskadi Alai', eta azken berrikuntzekin egindako diseinua eta teknologia modernoena du, Bermeoko armadorearen esanetara eraikita, hain zuzen ere.

'Izaro' eta 'Jai Alai' beste bi ontzi anaiekin batera, Indiako Ozeanora eramango dute ontzi hori, eta arrantza-lanetan lagunduko du. Bere anaiek bezala, gainazpiegitura, aluminiozko zubia, 60º azpitik atuna izozteko hozkailu-tunelak, eta tripulazioaren bahiketa saihesteko segurtasun-zonaldeak ditu 'Euskadi Alai' ontziak. Gainera, harrapatutako arraina hautatzeko sistema berritzailea du, saltzeko balio ez duen arrain bizia itsasora itzultzeko.

Gaurko ekitaldia Kepa Etxebarria Echebastar Taldeko kontseilariak eta Pedro Garaygordobil Zamakonako presidentea zuzendu dute, eta ontziaren amabitxia Miren Arantza Gabancho Munitiz Echebastarreko bazkidea izan da.

Erkorekarekin batera, hainbat ordezkari politiko izan dira, tartean, Gobernu zentraleko hainbat kide, Seychelleseko Gobernukideak, Bilboko Portukoak, baita banketxe-gizonak, aholkulariak, Zamakonako langileak, Echebasterreko hornitzaileak, bezeroak, bazkideak eta langileak.

Marine Stewardship Council (MSC) erakunde independenteren ebaluazio-prozesuan dago Echebastar Taldea. Mundu osoko arrantza-enpresa jasangarriei eta ongi kudeatuei ziurtagiria ematen die erakunde horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia Arrantza