Ekonomia -
Ardoaren negozioa
Señorio de Arinzano upategia erosi du SPI talde errusiarrak
15 milioi euro ordaindu ditu vodka eta goi mailako ardoak ekoizten dituen taldeak. Albistea pozik hartu du Nafarroako Sormarken Batzorde Arautzaileak.
EITB.EUS
Chivite sendiaren Señorio de Arinzano upategia erosi du SPI talde errusiarrak, 15 milioi euro ordainduta, Diario de Navarra egunkariak gaurko alean aurreratu duenez.
Salerosketak suspertu egin du kinka larrian zegoen Chivite familiaren marka. Izan ere, galera handiak eragin dizkio Rafael Moneo arkitektoak diseinatutako ardandegiak, hartzekodunen konkurtsoa eskatzeko zorian izateraino.
Vodka eta goi mailako ardoak ekoizten dituen Yuri Shefler munduko gizonik aberatsenetakoaren esku dago SPI talde errusiarra, eta 15 milioi euro ordaindu ditu upategia, mahastiak eta ardandegia eskuratzeko. Goi mailako ardoen merkatua indartu nahi omen du erosketarekin.
Albistea "oso ona" da, David Palacios Nafarroa Sormarken Batzorde Arautzaileko buruaren arabera. Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan agertu duenez, "mundua kalitatezko edariekin merkatu zabala eta sendoa lortu duen taldeak bideak irekiko dizkio Nafarroako ardoari".
Chiviterena ez da nazioarteko kapitala erakarri duen upategi bakarra, duela urtebete Venezuelako talde batek Pago de Cirsus upategia erosi baitzuen.