Ekonomia -
Epaia
Lan-istripu gisa aitortu dute lanak eragindako lesioa berriz agertzea
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratutako epai baten arabera, min hartuta egon zen tarteko lansaria ordaindu beharko dio Mutualia aseguru-etxeak langileari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak lan istripu izaera aitortu dio laneko baja bat izan eta, denbora gutxira, berriz ere lesio bera izan zuen langile bati. Hala, Mutualia aseguru-eteak min hartuta egon zen tarteko lansaria ordaindu beharko dio langileari.
CCOO sindikatuak gaur berri eman duenez, R.P.G. langileak Gasteizko Cegasa enpresak azpikontratatutako Indesa 2010 SL enpresan lan egiten zuen.
Langilea bajan egon zen 2013ko azaroaren 8tik 26ra bitartean eta Mutualia aseguru-etxeak laneko baja gisa aitortu zuen.
Dena den, osatu gabe zegoela jakinarazi zion langileak aseguru-etxeari eta 2014ko urtarrilaren 28an berriz ere baja hartu zuen. Mutualiak ez zion laneko baja izaera aitortu eta langileak Osakidetzara jo zuen.
Espainiako Gizarte Segurantzaren arabera, bigarren baja garai hori "arrisku komun" baten ondorio zen.
Epaiaren arabera, 2014ko urtarrilaren 28an hasitako baja aldi hori ere lan istripua da; izan ere, langileari aurrez izandako lesioa berritu zitzaion. Beraz, min hartuta egon zen tarteko lansaria ordaintzera zigortu du Mutualia aseguru-etxea.