Ekonomia -
Madrilgo Kongresuan
Montoro: 'Aurrerapen handiagoa ekarriko duten neurriak hartu ditugu'
Ogasun ministroak Kongresuan nabarmendu duenez, Gobernuak lerro oso zehaztuta du krisialditik alde egin eta enplegua sortzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristobal Montoro Ogasun ministroak gaur esan duenez, Gobernuak, "zaila eta korapilatsua" izaten ari den garai honetan, hartu ditu "espainiarren bizitza hobetu eta aurrerapen eta ongizate handiagoko etorkizuna ekarriko duten neurriak".
Kongresuan egiten ari diren Aurrekontuen gaineko eztabaidan, Montorok nabarmendu du Gobernuak lerro oso zehazturik duela ekonomia-arloan, krisialditik irten eta enplegua sortzeko, eta gehitu du hartutako neurriek fruitua eman dutela.
Ministroaren esanetan, orain "etorkizuneko aukera zabalak" irekiko dira, eta eskatu du aprobetxatzea eta errespetatzea gobernuak erabakitzen duenaren koherentzia. Montorok, halaber, adierazi du hori ez dela "burugogorkeria", baizik eta ausardia, jarraitzeko politika honekin; izan ere, egun indarrean dagoen politikarekin ekonomia hobera ari da jotzen eta mundu garatuko hainbat herrialde baino gehiago ari da hazten. Halaber, milaka lanpostu ari dira sortzen.
Ministroak Jose Maria Benegasen heriotzaren gainean hitz egin du hasieran. Hain zuzen, Benegas "Kongresuko kide aktiboa" zen, eta, Montororen arabera, "demokraziaren esanahia transmititzeko handitasuna izan zuen".
Aurrekontuak ari da defendatzen
2016ko Aurrekontuak defendatzen ari da gaur Cristobal Montoro Ogasun ministroa, Kongresuan egiten ari diren osoko bilkuran. Oposizioko talde guztiek, UPN izan ezik, osoko emendakinak aurkeztu dituzte, 13 guztira. Eguerdiko 12:00etan heldu diote eztabaidari, Montororen hitzekin. Aurrekontuen ildo nagusiak aurkeztu ditu Kongresuko kideen aurrean.
Aurrekontuak Mariano Rajoy Espainiako presidenteak defendatzea proposatu zuen PSOEk, baina azkenean Ogasun ministroak aurkeztu eta defendatu ditu.
Etenaldiaren ondoren, 16:00etan, PSOEren txanda izango da. Pedro Sanchezek Aurrekontuak atzera botatzea eskatuko du, “Espainiarentzat kaltegarriak” izango direla argudiatuz. Sanchezen hitzetan, PPren egitasmoak murrizketei eutsi egingo die, eta ez du susperraldia ekarriko. Horrez gain, klase aberatsenei 5.000 milioi euroko “opari fiskala” egingo dietela kritikatu du sozialisten buruak.
Montoro eta Sanchezen arteko eztabaidaren ondoren, oposizioko taldeen txanda izango da. Ministroak banan-banan erantzuteko aukera izango du. Aurrenekoz, Convergencia eta Unioko ordezkariek emendakin bana defendatuko dute osoko bilkuran. Pere Macias eta Josep Sanchez Llibre izango dira hitza hartuko dutenak.
IUk, ICVk eta CHAk osatutako taldeak ere ezkerreko taldeek adostutako osoko emendakina defendatuko du.
UPyDtik Rosa Diezek hartuko du hitza, eta bihar goizean izango da euskal taldeen txanda. Pedro Aspiazu jeltzaleak hasiko du biharko saioa, eta ondoren Amaiur, ERC, BNG, CCNC, Compromis-Equo, Foro eta Geroa Bairen txanda izango da. Denek Gobernuaren murrizketak kritikatuko dituzte.
Gaur, Radio Euskadin, Aspiazuk eskaera bat egin dio Espainiako Gobernuari: Abiadura Handiko Trena hirietan sartzeko diru kopuru nahikoa bideratzea. Bestalde, Espainiak izan nahi dituen “alor publiko, pentsio eredu eta gizarte laguntzak” sakonean aztertu beharko lituzketela adierazi du Aspiazuk.
Carlos Salvador UPNko ordezkaria osoko emendakina defendatuko ez duen diputatu bakarra izango da. Saioa amaitzeko, Jaime de Olano popularrak hitz egingo du, eta, azkenik, Montorok hartuko du hitza.
Kongresuan duen gehiengo absolutuaz baliatuz, osoko emendakin guztiak atzera botako ditu PPk. Zuzenketa partzialak ostirala baino lehen aurkeztu beharko dituzte.