Ekonomia -

Irekiera

Ikeak 12 milioi erosle eta turista ekarriko ditu Baiona ingurura

Baionako Merkataritza Ganberako Peio Olhagaraik Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria’n esan du 70 bat milioi euroko kontsumoa utziko duela hasieratik Ipar Euskal Herrian.

G.U,.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikeak ateak zabaldu ditu Baionan. Ametzondon kokatu dute, A68 eta A64 autobideen artean, eta 24.000 metro koadroko azalera dauka. Baionako Merkataritza Ganberako garapen arloko zuzendariari, Peio Olhagarairi, elkarrizketa egin dio Euskadi Irratiko 'Albiste Faktoria' saioak, eta, haren hitzetan, eragin ekonomiko izugarria izango du inguruan.

Marka erakargarria da oso, eta, hainbat ikerketaren arabera, jendeak ordu eta erdiko bidea egin ohi du saltoki suediar horietara joateko. Hori dela eta, bezero ugari espero dute Hego Euskal Herritik, Biarnotik eta Landetatik. Merkataritza Ganberaren aurreikuspenen arabera, 11-12 milioi pertsonatik gora jasoko dituzte, eta erosle horiek bisitari bihurtzea dute helburu, Ipar Euskal Herriaren izaera turistikoari esker. Hasieran, 70 bat milioi euroko kontsumoa izango dutela uste dute, eta hilabete batzuen buruan, gehiagokoa ere izango dela dio Olagaraik.

Frantziako legediaren arabera, Ikeak urtean 10 igandez ateak zabaltzeko aukera izango du. Dena dela, legea aldatzen ari dira, eta, agian, jaiegun gehiagotan ere ireki ahal izango dituzte dendak laster, bereziki, turismo zonaldeetan. Beraz, multinazional suediarrak lege berri hori baliatzeko aukera izango du.

Ikeak berak 350 bat lanpostu berri sortu ditu, eta inguruko dendetan izango duen eragina kontuan hartuta, 1.000 postu berri izango dira orotara zonaldean. Dena dela, zenbait merkatari txiki kexu da, saltoki erraldoiak euren salmentei kalte egingo diela deritzolako. Merkataritza Ganberako ordezkariak adierazi du urtebete daramatela eurekin lanean, ikusteko zer egin edo alda dezaketen Ikeara doazen pertsonek Baiona erdigunean ere izan dezaten eskaintza berezi bat.

Orain arte, enpresa suediarra 500.000-600.000 biztanletik gorako eremuetan kokatu izan da. Baiona inguruan 300.000 pertsona bizi direla kontuan hartuta, badirudi gune txikiagoekiko interesa ere baduela orain, eta Lapurdiko hiriburua hautatu izana oso garrantzitsua da Olagarairen hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Baionako bideoak Ekonomia berriak