Ekonomia -

Polizia operazioa

Gasteizko Zayer enpresan atxilotutako sei kideak, kargupean aske

Zayer enpresak enbargoa duten herrialde batzuekin (Iran eta Errusiarekin, adibidez) harreman komertzialik izan ote duen ikertzen egon daitezkeela uste da.

Hamarnaka agentek parte hartu zuten osteguneko operazioan. EFE
Atxilotuak epailearen aurrera eramango dituzte

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zayer makina-erremintako Gasteizko enpresan ostegunean abiatutako polizia-operazioaren barruan, enpresa horretako sei kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak. Atxilo hartutakoen artean, zuzendaritzako kideak eta langileak daude.

Ostiral arratsaldean eraman zituzten epailearen aurrera, eta deklaratu ostean, karguekin aske utzi dituzte. Auziak sekretupean jarraitzen du.

Konpainiako langileek Euskadi Irratiari esan diotenez, Betoñu industrialdean dagoen enpresa 14 orduz miatu ondoren egin dituzte atxiloketak.

Operazioa hasi eta berehala atxiki zituzten sei lagunak, eta, miaketa bukatutakoan, atxilotuta zeudela jakinarazi zieten Espainiako Poliziako agenteek.

Sei lagunak polizia-etxean izan dituzte, beharginek jakinarazi dutenez, epailearen aurretik igaro baino lehen.

1940ko hamarkadan sortutako enpresa Gasteizko Betoñu industrialdean dago, makina fresatzaileak eta mekanizatu zentroak ekoizten ditu, eta 220 langile ditu gaur egun.

Ikerketa, sekretupean

Langileak ostiral honetan itzuli dira beharrera, osteguneko miaketen ondorioz erabat etenda egon baitzen ekoizpena.

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ez du operazioaren nondik norakoen berri eman; izan ere, epaileak sekretupean jarri du sumarioa.

Enpresako iturri sindikalen arabera, ordea, baliteke operazioak zerikusia izatea enbargoa ezarrita duten herrialde batzuekin, Errusiarekin eta Iranekin adibidez, ustez dituen harreman komertzialekin.

Iturrion esanetan, operazioak "erabilera bikoitzeko" materialaren salmentarekin izan lezake zerikusia. Material horrek erabilera zibila eta militarra izan dezake, eta bigarrenaren kasuan, baimen bereziak behar dira salmentarako. Nonbait, atxilo hartutako langileetako batek Errusiara egin du bidaia berriki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteiz