Ekonomia -
Eskoriatza (Gipuzkoa)
Tesa enpresako langileak lanuzteak egiten ari dira gaur
Lantegiaren produkzioa eta 78 lanpostuak mantentzen dituen bideragarritasun egitasmo bat aurkezteko eskatu dio enpresa-batzordeak zuzendaritzari.
Agentziak | Erredakzioa
Eskoriatzako (Gipuzkoa) Tesa enpresaren langileak lanuzteak egiten ari dira asteazken honetan lantegiko 78 lanpostuak defendatzeko, enpresa-batzordeak agiri baten bidez jakitera eman duenez.
Lantegiaren produkzioa eta 78 lanpostuak mantentzen dituen bideragarritasun egitasmo bat aurkezteko “behin eta berriro” eskatu dio enpresa-batzordeak zuzendaritzari.
Gainera, iragan maiatzean Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Saileko arduradunekin bildu zirela gogorarazi du beharginen ordezkaritzak. “Assa Abloy multinazionalarekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuten”, azaldu du enpresa-batzordeak. Tesa Assa Abloyren zati da. Oraindik “albisterik ez” dutela ziurtatu dute langileek.
“Urtea bukatu baino lehen bost lanpostu deuseztatzea” planteatu du zuzendaritzak, enpresa batzordeak erantsi duenez. Horrela, “hiru urteren buruan lanpostuak erdira murriztuko dituzte”, gaineratu du. Produkzioa Eskoriatzan mantentzeko eskatu diote beharginen ordezkariek Assa Abloyri.