Ekonomia -
Gipuzkoako Diputazioa
Aberastasunaren gaineko zergaren erreformarako zirriborroa prest dago
EAJk eta PSEk bultzatuko duten erreformaren asmoa “aberatsek zergarik ordaindu behar ez izatea” dela ohartarazi du EH Bilduk.
agentziak | erredakzioa
Gipuzkoako Diputazioak prest dauka Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga baliogabetzeko erreformaren zirriborroa, Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak jakinarazi duenez.
Aberastasunaren gaineko Zerga Bilduren Foru Gobernuak ezarri zuen aurreko legegintzaldian eta orain Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak kendu egingo du.
Erreforma horren helburua “jarduera ekonomikoa bultzatzea da”, esan du Larrañagak. “Neurriz egindako mugimendua da eta Arabarekin eta Bizkaiarekin bateratuta egotea ekarriko digu”, erantsi du.
Horrez gain, iruzur fiskalari aurre egitea lehentasuna izango dela adierazi du. Ikerketak eta ikuskaritzak zorroztuko dituztela esan du, iruzurrak ekiditeko.
EH Bildu: “Enpresa-elitearen zerbitzura egindako erreforma da”
Gipuzkoako EH Bilduk gogor kritikatu du EAJk eta PSEk abian jarritako egitasmoa.
Xabier Olanoren esanetan, “erreforma horrek elite pribilegiatuei egingo die mesede eta ezberdintasunak areagotuko ditu gizartean”.
“Aberatsek zergarik ordain ez dezaten egindako erreforma da; ekonomia bultzatzeko dela esaten dute, baina euren lagunei mesede egiteko politika da”, salatu du.
Bestalde, sozietateen gaineko zergaren segurtasun juridikoa zalantzan jarri du. “Gipuzkoako enpresek arazoak izan ditzaketela uste dugu”, ohartarazi du.
Gauzak horrela, zerga hori zuzena den edo ez argitzeko Bruselari kontsulta egin diezaiola eskatu dio EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari. “Ez dezagun ahaztu opor fiskalekin gertatu zena”, gogoratu du Olanok.