Ekonomia -
Argindarra
Ordukako argindar tarifa berriarekin 5 euro aurreztuko dira gehienez
Garbigailua goizaldean edo asteburuan jartzea eguerdian jartzea baino merkeagoa izan liteke, baina datuek agerian uzten dute aldea oso txikia dela.
agentziak | erredakzioa
Kontsumitzaile Txikiarentzako Prezio Boluntarioari (PVPC, gaztelaniazko siglak) atxikitako bezero guztiek argindarraren faktura eredu berria jasoko dute iraileko kontsumoarekin eta, hala, garbigailua goizaldean edo asteburuan jartzea eguerdian jartzea baino merkeagoa izango da, nahiz eta datuek agerian utzi aldea oso txikia dela.
Sistema berriarekin, argindarra kontsumitzen den unean duen kotizazioaren arabera ordainduko dute erabiltzaileek.
Hala eta guztiz ere, fakturaren zati handiena kostu finkoena denez, aurrezkia oso txikia izango da kontsumoa ordu batean edo bestean egin.
Adituen arabera, hileko bost euroko aurrezkia lortuko dute erabiltzaileek gehienez.
Aurrezkia orduaren arabera
Goizaldeko lauetan garbigailua jartzeak 1,8 zentimoko aurrezkia dakar garbiketa bakoitzeko fakturazio sistema berriarekin.
Selectra aholkularitza zerbitzuak egindako kalkuluen arabera, faktura % 2 eta % 4 merkatu edo garestitu daiteke kontsumoa zein ordutan egiten den aukeratuz gero.
Lehorgailuaren kasuan, ordu garestienean, 21:00etan, 65 zentimoko kostua du, eta 59 zentimokoa merkeenean, goizeko lauetan.
Lehorgailuaren atzetik, bitrozeramika da gehien kontsmitzen duena. Ordubetean 34 zentimoko kostua du ordu garestienean, merkeenean baino hiru zentimo gehiago.
Plantxari dagokionez, goizaldeko lauetan jeikitzen ausartzen denak zentimo bat aurreztuko du ordubetez erabiliz gero.
Bestalde, ogi xigorgailua bost minutu erabilita, 0,1 zentimo aurrezten dira goizaldeko lauetan, eta mikrouhin labearen kasuan zentimo batekoa da aldea.
Labea ordubetez piztuta edukiz gero zentimo bat aurrezten da goizaldeko lauetan, eta bi zentimo xurgagailuaren kasuan.