Itxi

Ekonomia

Guibelalde, polemikaren erdian

Pello Guibelalderen dimisioa eskatu du LABek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Halaber, sindikatuak Adegirekin egitekoa zuen bilera bertan behera utzi du. Adegiren presidentean aurreko ostiralean adierazi zuen gazteak erosoegi bizi direla gurasoen etxean eta dena ematen zaiela.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Pello Guibelalde Adegiko presidentearen dimisioa eskatu du azken horrek aurreko ostiralean egindako adierazpen polemikoengatik eta, aldi berean, bertan behera utzi du sindikatuak Gipuzkoako patronalarekin egitekoa zuen bilera. Halaber, Etxaidek iragarri du ez dela Confebaskekin urriaren 8an duen bilerara agertuko baldin eta euskal patronalak Adegiko presidentearen hitzak salatzen ez baditu.

Donostian eskainitako prentsaurrekoan Etxaidek adierazi du "onartezinak" direla Guibelaldek Gipuzkoako ekonomiaren egoerari buruzko balorazioa egiteko ostiraleko agerraldian egindako adierazpenak. Gibelaldek esan zuen euskal gazteak erosoegi bizi direla gurasoen etxean, dena ematen zaiela, ez dutela goserik eta ez dutela izpiritu ekintzailerik.

Etxaideren hitzetan, Adegiko presidentearen hitzak "euskal gazteentzako iraingarriak izateaz gain", iraingarriak dira hilabete amaierara heltzeko arazoak dituzten familientzat. Halaber, azpimarratu du 197.000 pertsona daudela lanik gabe Euskal Herrian eta horien erdiek ez dutela inolako prestaziorik jasotzen.

"Iraina iruditzen zaigu Guibelaldek pentsatzea haren etxean gertatzen dena Euskal Herriko etxe guztietan gertatzen dela", gaineratu du. Hori dela eta, Guibelalderen dimisioa eskatu du Etxaidek, eta ohartarazi du ezin dela hitz egin hori pentsatzeko eta esateko gai diren arduradunak dituen patronalarekin.

Bestalde, LABek hurrengo egunetan Adegirekin egitekoa zuen bilera bertan behera utzi du. Etxaideren hitzetan, LABek duela egun batzuk Gipuzkoako patronalari deitu zion bilera bat hitzartzeko eta lan-hitzarmenei buruz hitz egiteko.

Halaber, LABek bertan behera utziko du Confebaskekin datozen egunetan izatekoa den bilera baldin eta Confebaskek Guibelalderen hitzak arbuiatzen ez baditu. Ildo horretan, Gipuzkoako EH Bilduk proposamena aurkeztuko du Batzar Nagusietan batzarkideek Guibelaldek esandakoak arbuia ditzaten.

Azkenik, LABek eskaera formala egingo dio Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuari Guibelalderen adierazpenen inguruan haren iritzia eman dezan.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena