Ekonomia -
'Alternatiba Herria'
ELA eta LAB, kapitalismoarentzako alternatiba bila hilaren 24an
Gehiengo sindikalak jardunaldi bat egingo du egun horretan Bilbon, "sistema ekonomiko posible bakarra kapitalismoa dela esaten dutenen aurka".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eskubide Sozialen Euskal Herriko Gutunaren sustatzaileek (tartean ELA eta LAB sindikatuak) kapitalismoaren alternatibak eraikitzeko jardunaldi bat antolatuko dute hilaren 24an, Bilbon.
Jardunaldia Zazpikaleetan egingo dute, Europa osoan Klima Aldaketari buruzko Goi-bileraren harira egingo diren ekitaldien baitan. "Sistema aldatu, ez klima" izango du izenburu.
"Alternatiba Herria" ekimenaren sustatzaileek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. Besteak beste, Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako buruak izan dira bertan. Horien esanetan, EAEko eta Nafarroako 150 eragile sozialek hartu dute parte jardunaldiaren diseinuan. Orain arte, 13.000 euro bildu dituzte ekimena egiteko, eskaera publikoa eginez.
Etxaidek adierazi duenez, urriaren 24koa "desobedientzia ekitaldia" izango da, "sistema ekonomiko posible bakarra kapitalismoa dela esaten dutenen eta horren hutsuneen erantzule gainerakoak egiten gaituztenen aurka".
"Gu ez gaude prest agindu horiek betetzeko, eta are gutxiago sistema horrek langileentzat duena obeditzeko; horregatik, jardunaldi hau Euskadiko bihotz ekonomikoan egingo dugu, botere finatziero eta ekonomiko handiagoa biltzen den lekuan: Bilbon", gaineratu du.
Bestalde, Muñozek ohartarazi duenez, "erregulazioen aurkako agenda" nagusitzen bada, "lehen mailako bi hondamendi" etorriko dira: "bat, ekonomikoa; eta beste bat, ekologikoa".