Ekonomia -
Ehungintza-katea
Primark etxea Bilbon denda erraldoi bat zabaltzea pentsatzen ari da
Primark ehungintza-kateak kaleko denda erraldoi bat zabaltzeko asmoa dauka Bilbon. Aurretik Madrilen ireki berri dute bat, eta datorren urtean Palman eta Valentzian irekiko dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Joan zen ostegunean Madrileko Kale Nagusian denda bat zabaldu ostean, Irlandako enpresak bere tamaina bikoizteko asmoa dauka, eta, horretarako, datorren urtean saltoki berriak irekiko ditu Palman eta Valentzian, Paul Marchant kontseilari delegatuak adierazi duenaren arabera. Aipatutakoez gain, Marchantek esan du bertatik bertarako kaleko hurrengo denda erraldoiak Bilbon eta Bartzelonan zabal litezkeela.
Primarkek oraintsu inauguratu du 12.400 metro koadroko denda bat Madrileko Kale Nagusian ?Irlandako kateak Estatuan daukan marka bakarreko arropa-denda handiena?. Modu horretan, bere prezio baxuengatik ezaguna den enpresak buelta eman dio herrialdean duen estrategiari: orain arte merkatalgune periferikoetan irekitzen zituen saltokiak, Portugaleten dagoen Ballonti horren adierazle garbia izanik.
Hasierako saltokiek 3.500 metro koadro zituzten bitartean, lokal berriek 5.300 metro koadro dituzte bataz bestez.
Hori dela eta, establezimendu berriak zabaltzeaz gain, dagoeneko badaudenak birmoldatu edota lekuz aldatuko ditu, beroriek handitzeko asmoz eta egun enpresak daukan irudi sofistikatuagoarekin bat egin dezaten.
Gaur egun, Primarkek 287 denda dauzka Europako bederatzi herrialdetan eta AEBn; 62.000 pertsonari ematen dio enplegua eta 6.000 milioi euro fakturatzen ditu.