Ekonomia -
Merkataritza eta Turismo Saria
Donostiako Jazzaldiak Turismo saria jaso du, erreferente izateagatik
Teresa Busto diseinatzailea, Ekobelargi enpresako arduradunak eta Bizkarra okindegi eta gozotegiak ere saritu dituzte, besteak beste.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Merkataritza eta Turismo sariak banatu ditu arratsaldean Bilbon egindako ekitaldian, eta, besteak beste, Donostiako Jazzaldia eta Teresa Busto diseinatzailea saritu dituzte.
50. urteurrena ospatu berritan, Lehiakortasunaren Turismo saria eman diote Jazzaldiari, Euskal Herrian nahiz nazioartean erreferente bilakatu delako eta Donostia marka turismo kulturalen baitan indartzen lagundu duelako.
Deba eta Mutriku artean dagoen Arbe hotelak, berriz, Berrikuntza Sustatzeko Turismo saria jaso du. "Negozio turistikoen errentagarritasuna eta eraginkortasun operatiboa hobetzera bideratutako berrikuntza" saritu nahi izan du Jaurlaritzak.
Teresa Busto diseinatzaileak Merkataritzako Berrikuntza saria jaso du, luxuzko sektoreari zuzendutako zetazko jantziak egiten espezializatu delako, konpetentziako enpresei aurrea hartuta.
Ekobelargi enpresak Enpresa Lankidetzarako Merkataritza saria jaso du. Ekobelargi 2013an sortu zen, belar-denden eta elikadura ekologikoaren sektoreko 24 enpresa biltzen ditu eta Gipuzkoan 27 saltoki ditu.
Ibilbide Profesionala saritzen duena Bizkarra okindegi eta gozotegi enpresak jaso du. Luis Maria Bizkarrak sortu zuen 1957an, eta haren ikuspegi komertziala eta kudeatzeko gaitasuna goraipatu nahi izan dute sari hori emanez.
Gasteizko Alde Zaharreko Zuloa Irudia liburu-dendari Hiri-inguruak Dinamizatzeko saria eman diote, hainbat ekimen kultural eta sozial antolatu dituelako. 1987an ireki zituen bere ateak lehen aldiz.
Turismoaren alorrean, Matilde Elexpuru TISA SA konpainiako zuzendari nagusia saritu dute, kongresuak eta ekitaldiak antolatzen egindako lanagatik. Ibilbide Profesionalaren Turismo saria eman diote.
Amaitzeko, Juan Jose Lekuonari epaimahaiaren errekonozimendu berezia eman diote, 1967an, Gazeoko (Araba) San Martin de Tours elizako erretaula barrokoaren atzean murala topatzeagatik.
Sari horrekin, aurkikuntzaz gain, Lekuonak margolana zaintzeko eta ezagutarazteko egindako lana nabarmendu nahi izan du epaimahaiak.