Ekonomia -
Ustezko iruzurra
Fiati eta Starbucksi 30 milioi euro itzultzeko agindu die Bruselak
Europako Batzordearen esanetan, Luxenburgoko eta Herbehereetako gobernuek emandako abantaila fiskalez baliatu ziren bi multinazionalak.
Agentziak | Erredakzioa
Fiat eta Starbucks multinazionalei legez kanpoko diru laguntza publikoen bidez bakoitzak jasotako 30 miloi euroak itzultzeko agindua eman die gaur Europako Batzordeak. Lehiarako Batzordeak ikerketa zabala egin du eta, ondorioztatu duenez, bi konpainiek dirutza hori aurreztu zuten Luxenburgoko eta Herbehereetako gobernuekin akordioa lortuta, eta zegozkien zergak baino gutxiago ordainduta. Albistea Financial Times egunkari britainiarrak aurreratu zuen astelehenean, baina zigorraren berri gaur emango du Bruselak.
"Fiatek eta Starbucksek Luxenburgori eta Herbeherei ordaindu ez zieten zergen dirutza berreskuratzeko agindu eman die Europako Batzordeak. Hala, jaso zituzten abantaila fiskalak itzuli beharko dituzte, eta gainerako enpresekiko izan duten lehia nagusitasuna desagertuko da", adierazi du Batzordeak.
Margrethe Vestager Lehiakortasun komisarioak onartu du 30 milioi euroak ez direla "kopuru handiak".
Izan ere, komisarioaren arabera, Fiatek ez zituen 400.000 euro ere ordaindu elkarteen gaineko zergagatik, eta Starbucksek, 600.000.
Fiaten kasuan, Europako Batzordeak dio deklaratu zuena hala 20 deklaratu beharko lukeela.
Irlandak, Herbehereek eta Luxenburgok hainbat konpainiari abantaila fiskalak ematen zizkietelakoan, ikerketa abiatu zuen Europako Batzordeak ekainean. Apple eta Amazon multinazionalak ere tartean egon litezke, egunkariak zabaldutako informazioaren arabera.
Hainbat hedabidek aurreratutako agiri eta datuek susmopean jarri zituen Brusela, eta ikertzeari ekin zion. Nonbait gobernu horiek laguntza publikoak eman zizkieten multinazional horiei, baina berez, konpainiok dirutza aurrezteko trikimailu fiskal bat baino ez omen zen.
Margrete Vestager Lehiarako komisarioak maiatzean iragarri zuenez, ez zituen aurreneko bost espedienteak argitzeko nahikoa datu bildu (Amazoni eta Fiati dagokiona Luxemburgon, Applei dagokiona Irlandan, eta Starbucksena Herbehereetan eta Belgikan).
Dena dela, bost espediente hauez gain, esku artean "beste 65 kasu" dituela aitortu zuen Vestagerrek, "15 herrialderi dagozkionak".