Ekonomia -

EAE

Etorkinen ekarpena gastua baino handiagoa da diru-kutxa publikoan

Ikuspegik egindako txostenak etorkinen eragin demografiko "izugarri ona" ere azpimarratu du, biztanleria gaztetu duelako.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etorkinek diru ekarpen handiagoa egiten diote diru-kutxa publikoari ongizate sistemari eragiten dioten gastua baino, 'Atzerritik iritsitako etorkinen eragina euskal ekonomian eta demografian' txostenean agertzen denez.

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egin du txostena, eta gaur aurkeztu dute Jose Luis Madrazo Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako zuzendariak eta EHUko eta Ikuspegiko ordezkariek.

Ikerketak 2008. urtea (ekonomia krisiaren aurretik) eta 2012.a (krisi betean) hartzen ditu kontuan, eta bietan ematen du emaitza positiboa etorkinen ekarpenak: 71 milioi eurokoa izan zen lehenengoan, eta 32 milioi eurokoa, bigarrenean.

Madrazoren esanetan, txosten honek gezurtatu egiten du gizartean zabalduta dagoen uste bat: etorkinek egiten duten ekarpena baino handiagoa dela egiten duten gastua diru-kutxa publikoarentzat.

Hala, datu ofizialetan oinarrituta, etorkinek 371 milioi euro jaso zituzten laguntza sozialetan 2008an, eta 593 milioi euro, 2012an, krisia gogorren pairatu duen kolektiboetako bat baita.

Bi urte horietan etorkinek diru-kutxa publikoan egindako diru-sarrerak, baina, 443 eta 631 milioi eurokoak izan ziren, hurrenez hurren; beraz, balantzea positiboa da.

Kolektibo horren eragin demografikoari dagokionez, txostenean jasotakoaren arabera, "izugarri ona" da, etorkinik gabe EAEk urteotan 50.000 biztanle galduko zituzkeelako.

Gainera, etorkinek biztanleria gaztetu dute, jaiotza-tasa igo dute eta lanean hasteko moduan dauden pertsonen kopurua handitzea eragin dute.

Ikerketa legezko etorkinekin egin dute, eta ez dituzte kontuan izan ez Espainiako nazionalitatea eskuratu dutenak ez legez kanpokoak (% 10 dira EAEn).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur EAE albisteak