Ekonomia -

Aurrekontuak 2016

Gipuzkoak 813 milioi euroko aurrekontua izango du 2016rako

Hala, 2015ean baino % 5,4 gehiago (42 milioi euro) izango du Gipuzkoako Foru Aldundiak xahutzeko. EH Bilduk aurreko legealdian 14 milioi euroko zuloa utzi zuela salatu du Imanol Lasak.

Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea.
Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak 813 milioi euroko aurrekontua izango du 2016rako, 2015ean baino % 5,4 gehiago (42 milioi euro), Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak aurreratu duenez. Horren hitzetan, bestalde, Bilduk 14 milioi euroko zuloa utzi zuen aurreko legealdian.

Ostiralean egingo den Diputatuen Ezohiko Batzordean onartuko da 2016rako aurrekontu proposamena, eta Batzar Orokorretara igorri da ondoren, bertan aurkeztu eta eztabaidatzeko. Markel Olano ahaldun nagusiak eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak xehatuko dute proiektua batzarkide guztien aurrean.

Lasaren esanetan, aurrekontuaren ia erdia (% 47) gizarte politiketara bideratuko dute, eta adinekoei eskainiko zaizkien zerbitzuak nabarmendu ditu.

Datorren urteko aurrekontuak egiteko "eragozpen asko" izan dituztela adierazi du foru bozeramaileak, eta horren errua aurreko exekutiboak egindako gestioari egotzi dio.

"Aurtengo urteko zenbakiak kontuan hartuta, 13.985.391 euroko zulo ekonomikoari egin beharko diogu aurre. Gastu hori 2016ko kontuetan sartu beharko dugu", esan du. Batez ere, Gizarte Politika Departamentuan eta Lurraldebusen kudeaketan egindako zuloa da, Lasaren arabera.

Desfasea 'aurrekontuak luzatzearen ondorio' da, EH Bilduren hitzetanLasak salaketa egin baino ez etorri da ezker abertzaleko koalizioaren erantzuna. Agiri baten bidez, EH Bilduk adierazi du foru bozeramaileak aipatutako "14 milioi euroko zuloa" aurrekontuak luzatzearen ondorio dela.

"Onartezina" iruditu zaio EH Bilduri Aldundiaren salaketa. Koalizioaren hitzetan, "gezurra" da zuloa dagoela, eta Foru Aldundiak badu aurrekontuen luzapenak utzitako desfaseari aurre egiteko gaitasuna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa