Ekonomia -
Pentsioen simulagailua
Pentsioa kalkulatzeko simulagailua, kolapsatuta hasierako orduetan
Une honetan ez dago oraindik erabilgarri, jasotzen ari den bisiten kopurua dela eta. Une zehatz batean, 200.000 bisitari bakar izatera iritsi da.
Agentziak | Erredakzioa
Enplegu Ministerioak atzo arratsaldean martxan jarri zuen erretiroko pentsioa kalkulatzeko simulagailua kolapsatu egin zen hasierako orduetan, eta ez dago oraindik erabilgarri. 'Tu Seguridad Social' webgunean dago simulagailua, eta jaso zituen bisita andanaren eraginez (aurreikusitakoak baino askoz gehiago) bertan behera geratu zen.
Enplegu Ministerioko iturriek diotenez, simulagailua ostatatzen duen webgunea arratsaldeko 16:00ak aldera hasi zen kolapsatzen (abian jarri eta ordubete gerora), nahiz eta zerbitzaria sendotzeko neurriak hartu zituzten. Une jakin batean, 200.000 bisitari bakar jaso zituen atariak.
Atariak tarteka ibili da, baina une honetan ez dago lanean, bisita-kopuruaren eraginez. Enplegu Ministerioa arazoa konpondu nahian ari da, zerbitzarian errefortzu gehigarria jarrita.
Aipatutako simulagailuarekin herritarrek etorkizunean zenbateko pentsioa egokituko zaioen kalkula dezakete. Hura erabiltzeko, 'webgunera jo, eta bertan izena eman behar da.
Hori egiteko, beharrezkoa da sarbide-kode ba, Gizarte Segurantzako edota Zerga Administrazioko Estatu Agentziako bulegoetan eskatu behar dena. Hala ere, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala erabilita ere sar daiteke.
Behin simulagailuan sartuta, erabiltzaileari pantaila bat agertzen zaio. Pantaila horretan ikus ditzake bai zenbat denbora daraman kotizatzen, bai zenbat denbora geratzen zaion erretiro arrunta hartzeko. Hasieran, interesdunak bere pentsioaren gaineko oinarrizko simulazioa egin dezake, edota beste aldagai batzuk gainera diezazkioke bere egoera pertsonalari, horiek bere pentsioa hobetuko duten ala ez jakiteko. Adibidez, atzerrian lan egin badu, seme-alabarik izan badu edota ezintasunen bat badauka.
Erretiroko pentsioaren gaineko gutxi gorabeherako kalkulua emateaz gain, tresna horrek erretiro aurreratua edo atzeratua simulatzeko gai da.