Ekonomia -
Enpresaburuak
Alex Cruz bilbotarra, British Airways konpainiako presidente
“Kargua oso pozik hartuko dut eta munduko airelinea handienetako batean lan egitea espero dut datorren urtean”, adierazi du Cruzek izendapenaren berri izan ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
IAGk Alex Cruz bilbotarraren izendapenaren berri eman du gaur. Cruz Vueling konpainiako presidentea eta kontseilari delegatua da egun. 2016ko apiriletik aurrera British Airways (BA) airelineako presidente berria izango da, Keith Williams ordezkatuz. Williamsek erretiroa hartuko du 18 urte Erresuma Batuko enpresan eman eta gero.
Willie Walsh IAGko kontseilari delegatuak Williamsi eskerrak eman dizkio, azken 10 urteetan elkarlanean eman ondoren. BAren zuzendaritzan egindako lana IAG sortzeko “funtsezkoa” izan dela goraipatu du Walshek.
Walshen hitzetan, Vueling “airelinea dinamikoa, berritzailea eta eraginkorra” bihurtu da Cruzen zuzendaritzapean. Enpresaburu bilbotarrak BAn “ikuspegi eta esperientzia berriak” eskainiko dituela esan du kontseilari delegatuak.
“Kargua oso pozik hartuko dut eta munduko airelinea handienetako batean lan egitea espero dut datorren urtean”, adierazi du Cruzek izendapenaren berri izan ondoren.
Cruzen ahotan, BAren erronka “bezeroei zerbitzu paregabea” eskaintzen jarraitzea izango da, IAGk ezarritako finantza helburuak betetzea ziurtatuz.
“Elkarlanean lortu duguna eskertu nahi diet Vuelingeko parte diren guztiei, eta konpainia egunez egun sendotzen jarraituko dela seguru nago”, gaineratu du.
Clickairren sortzailea
Cruzek Clickair konpainia sortu zuen 2006an. 2009an Vuelingekin bat egin zuen enpresak. Orduan kontseilari delegatuaren ardura hartu zuen Bilboko enpresaburuak.
2013ko apirilean Vuelingeko presidente eta kontseilari delegatu izendatu zuten. Cruz Vuelingeko kontseilari delegatua izan den bitartean, konpainiak hazkunde azkarra izan du Europan.
Hala ere, ibilbidea American Airlines konpainian hasi zuen Cruzek. Hamar urte eman zituen bertan, aholkularitza lanetan, bidaiari eta aire industriako zenbait egitasmotan.