Ekonomia -
Lan harremanen eredu berria
LABek 'hormak' eraikiko ditu patronalaren proposamenari aurre egiteko
Ainhoa Etxaideren esanetan, Confebaskek lan-harremanetarako eredu berriaren inguruan aurkeztutako dokumentua 'neurriz gainekoa' da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Confebask patronalak lan-harremanetarako eredu berriaren inguruan aurkeztutako dokumentua "izugarria" da, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiaren iritzian. Hori dela eta, sindikatuak euste-hormak eraikiko ditu lantegietan, Confebasken proposamenari ateak ixteko. Gainera, Elkarrizketa Sozialerako Mahaia bertan behera uzteko eskatuko die alderdi politikoei.
Bilbon egindako prentsaurrekoan, LABeko buruak azpimarratu du "astakeria" dela patronalak aurkeztutako dokumentua, eta "lan-prekarietatea eta enplegu suntsiketa" areagotu egingo dituela.
Euskal patronalak "malgutasun" gehiago eskatzea iraingarria dela iritzi dio, eta testua "negoziaezina" dela gaineratu du Etxaidek. "Erreformaz erreforma, geroz eta erraztasun gehiago eman zaizkie harik eta erabat antidemokratikoak diren lan harremanak inposatu arte, patronalaren aldebakartasunean oinarrituta", gaineratu du.
Etxaideren esanetan, patronala benetan eskatzen ari dena "ezarritako" malgutasuna da eta horrek enplegua suntsitzen du. Bestalde, soldatak produktibitateari lotzeko Confebaskek egindako eskaera "soldata jaisten jarraitzeko" modua dela salatu du.
LABeko buruzagiaren hitzetan, Confebaskek egiten duen kontratu mugagabeen defentsa ez ei da benetakoa, horren truke barne eta kanpo malgutasun gehiago eskatzen baitu. "Hau da, enpresek nahieran lan harremanak moldatzea eta langileak kaleratzeko erraztasunak izatea proposatzen dute. Agian, kaleratzeak doakoak izatea eskatzen ari dira, izan ere, dagoeneko badituzte nahikoa erraztasun", gaineratu du.
Etxaideren esanetan, Confebask "aseezina" da, eta "inoiz" izan den patronalik "atzerakoiena" da; izan ere, "lan-araudiaren aurreko eszenariora" itzuli nahi du.