Ekonomia -
Energia
Lehiakortasun Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri dio Iberdrolari
Handizkarien merkatua manipulatzea egotzi dio erakundeak euskal konpainiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Merkatuen eta Lehiakortasunaren Batzorde Nazionalak (CNMC) 25 milioi euroko isuna ezarri dio Iberdrolari, energia elektrikoaren handizkarien merkatua manipulatzeagatik. Jokabide hori “oso larri”tzat jo du erakundeak.
CNMCk azaldu duenez, Iberdrolak hainbat mugimendu egin zituen 2013ko azaroaren 30etik abenduaren 23ra, Duero, Sil eta Tajo ibaietako zentral hidraulikoen eskaintzen prezioa garestitzeko.
2014ko lehen hiruhilekoaren azken baliabideko tarifa elektrikoa ezartzeko enkantea egin baino aste batzuk lehenago, garestitze handiak jazo ziren handizkarien merkatuan.
Horren ondorioz, enkantearen prezioa % 26 igo zen, eta tarifarena, % 10.
Orduan, CNMCk irregulartasunak atzeman zituen, baina ez manipulazioa, eta enkantean bertan behera utzi zuten.
Iberdrolak aurreratu du helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Nazionalean.
Isuna "irrigarria" dela salatu du Facuak
Testuinguru horretan, Facua kontsumitzaileen elkarteak uste du 25 milioi euroko isuna "irrigarria" dela.
"Iraingarria da arau-hauste larri bat horrela zigortzea; ez da disuasio-neurri bat", deitoratu du.
Halaber, elkarteak argindarraren sektorean esku hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari "espekulazioa eta gehiegizko prezioak amaitzeko".