Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aguirre: "Sarrera eta gastuen arteko oreka bilatu behar dugu"

Ekonomia sailburuak azpimarratu du krisia gainditzeko ez dela nahikoa "soilik gutxiago gastatzearekin". Horrez gain, Aguirrek gezurtatu egin du Eusko Jaurlaritzak zergak igotzeko asmoa duela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak azaldu duenez, krisi ekonomikoa gainditzeko "diru-sarrera eta gastuen arteko oreka bilatu behar da; ez da nahikoa gutxiago gastatzearekin".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Aguirrek gezurtatu egin du Eusko Jaurlaritzak zergak igotzeko asmoa duela. "Inork ez du planteatu zergak igotzea; egun ditugun zergekin bildu behar duguna nola lortu aztertzen ari gara", azaldu du.

Bestalde, mundua astintzen ari den krisiari Euskadik "oso ondo" egin diola aurre iritzi dio. Atzeraldiak EAEn "gutxiago iraun du eta eragina txikiagoa izan da beste ekonomia batzuekin alderatuta", adierazi du. Ildo horretan, Frantziak bakarrik izan duela garapen hobea eta euskal enpresek bide horretan izan duten garrantzia azpimarratu du.

Hala eta guztiz ere, Ekonomia sailburuak zuhurtzia eskatu du eta urteko lehen hiruhilekoaren azken txanpan Europako ekonomia garrantzitsuenek, Alemaniak bereziki, zer-nolako garapena duten ikusteko dagoela esan du.

Amaitzeko, Aguirrek nabarmendu du Osasuna eta Hezkuntza direla EAEn inbertsio handiena eskatzen duten zerbitzuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea