Ekonomia -
Eurostaten datuak
Langabezia %0,1 gutxitu da Estatuan eta mantendu egin da Eurogunean
Langabezia tasa % 18,8ra jaitsi da Estatuan (Batasuneko bigarren altuena da), eta euroa duten estatuetako batez bestekoa ez da mugitu eta % 9,9an geratu da.
Erredakzioa
Langabezia-tasa % 9,9an geratu zen Eurogunean urtarrilean; Espainiako Estatuan, berriz, hamarren bat murriztu zen % 18,8raino, Eurostatek gaur zabaldu dituen datuetan agertzen denez.
Europar Batasuneko estatu guztiak kontuan izanda ere, langabezia ez zen mugitu eta % 9,5ean mantendu zen.
Espainiako Estatuan, langabeziaren urtarrileko beherakada 2007ko maiatzetik izan den lehenengoa da.
2009ko urtarrilaren aldean, Euroguneko langabezia % 1,4 hazi da; Europar Batasunekoa, aldiz, % 1,5.
Espainiako Estatuan bikoitza izan da langabe kopuruaren gorakada, hiru puntukoa hain zuzen.
Urtarrilean 22,979 milioi langabe zeuden Europar Batasunean, 2009an baino 3,8 milioi gehiago, eta Eurogunean 15,683 langabe zenbatu zituzten, aurreko urtean baino 2,2 milioi gehiago, Eurostaten arabera.
Azken hilabetean behera egin arren, Espainiako Estatua da langabezia altuena duen bigarren estatua Europar Batasunean, Letoniaren atzetik (% 22,9).
Beste muturrean daude Herbehereak (% 4,2) eta Austria (% 5,3).