Ekonomia -
Protesta Gasteizen
Sindikatu abertzaleek pentsioen "murrizketa basatia" salatu dute
ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta HIRUk erretiro adina luzatzeko Espainiako Gobernuak duen proiektua kritikatu dute, eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
Erredakzioa
Sindikatu abertzaleek (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta HIRU) Espainiako Gobernuaren pentsio erreforma salatu dute gaur Gasteizen, eta gizarte segurantza eta enplegu eskuduntzak transferitzea exijitu diote.
Hain zuzen ere, pentsioetan eta lan eskubideetan "murrizketa basatia" egitea leporatu diote Zapateroren Gobernuari.
Ainhoa Etxaide eta Adolfo Muñoz LABeko eta ELAko idazkari nagusiek agerraldia egin dute Mendizorrotzako kiroldegian, 3.500 pertsonaren aurrean, antolatzaileek informatu dutenez.
Haien hitzaldietan, bi idazkariek kritikatu egin dute erretiro adina luzatzeko Espainiako Gobernuak duen proiektua. "Udazkenean enpresaburuen kotizazioak murrizteaz hitz egiten zuten, eta orain erretiro adina luzatu dute. Ez da aberastasuna falta; lapurrak soberan daude", adierazi du Etxaidek.
Bere aldetik, Muñozek UGTren eta CCOOren aurka egin du, eta bi zentralotako idazkariak Moncloan egon izana kritikatu du. Gainera, sindikatuek Euskadin dituzten ordezkariak "porrot egin duten eredu bat" sostengatzen ari direla salatu du, "elkarrizketa soziala ez baita existitzen".
Sindikatu abertzaleen ustez, Estatuak "kaleratzea merkatu, lan malgutasuna handitu, negoziazio kolektiboak zentralizatu eta aldi baterako laneko enpresak ugaritu nahi ditu".
Mobilizazio gehiago
Muñozek eta Etxaidek mobilizazio gehiago iragarri dituzte.
Lehenengoa bihar egingo dute, 1976ko martxoaren 3ko hilketen urteurrenaren harira.
Bigarrena martxoaren 8an izango da, hots, Emakumearen Nazioarteko Egunean, eta hirugarrena martxoaren 27an. Egun horretan, "krisiaren aurkako mobilizazio sozial handiena" egingo dutela aurreratu dute. Hain zuzen ere, EAEko hiru hiriburuetan eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak.