Ekonomia -
BILBOKO PORTUA
CLHk petrolioa gordetzeko biltegi gehiago eraiki ditu Bilboko Portuan
18 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu konpainiak instalazio berriak egiteko. EAErako eta inguruko erkidegoetarako petrolioaren deribatuak biltzeko eta zabaltzeko sistema hobetu du horrela CLHk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CLH (Compañía Logística de Hidrocarburos) enpresak petrolioaren produktu deribatuak gordetzeko instalazio berriak jarri ditu martxan Bilboko Portuan. Goizean egin dute instalazio horiek inauguratzeko ekitaldia, Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. 18 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu konpainiak instalazio berriak eraikitzeko.
Jose Luis Lopez de Silanes CLHko presidenteak zuzendu du ekitaldia. Biltegi berriek petrolioaren produktu deribatuen eskariari erantzuna emango diotela nabarmendu du. Lopez de Silanesen hitzetan, EAErako eta inguruko erkidegoetarako petrolioaren deribatuak biltzeko eta zabaltzeko sistema hobea izango dute gaurtik aurrera.
Gaur inauguratutako plantak zortzi tanke izango ditu erabilgarri, eta bakoitzak 123.000 metro kubikoko edukiera izango du. Bigarren fase batean, berriz, beste hiru tanke eraikiko dituzte, 38.000 metro kubikoko edukieradunak. Horrela, CLHk Santurtzin dituen instalazioen osagarri izango dira, konpainiako presidentearen esanetan.
"Krisi garaiotan" konpainiak egindako "inbertsioa eta ahalegina" txalotu ditu lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzak honelako ekimenak babesten jarraituko duela azpimarratu du, "Euskadiren industriari eta ekonomiari egiten dioten ekarpenagatik".