Ekonomia -

Akordioaren sinadura

Trenbidea lurperatzeko atzera kontaketa hasi da Gasteizen

476 milioi euroko kostua izango du egitasmoak eta 2017rako prest izatea espero dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen trenbidea lur azpira eramateko egitasmoa gaur jarri dute martxan, lau administrazioek azpiegitura finantzatzeko akordioa sinatu ostean. Azpiegiturak 476 milioi euroko kostua izango du eta 2017rako prest izatea espero dute.

Jose Blanco Sustapen ministroak, Iñaki Arriola Garraio sailburuak, Patxi Lazcoz Gasteizko alkateak, Xabier Agirre Arabako diputatu nagusiak eta Antonio Gonzalez Adifeko presidenteak sinatu dute akordio ekonomikoa EAEko hiriburuko Artium museoan.

Sustapen Ministerioak, Adif tren azpiegituren elkarte kudeatzailearen bidez, lur azpira eramateko aurrekontuaren erdia bere gain hartuko du eta 242 bat milioi euro inbertituko ditu, horietatik 142 milioi Estatuko aurrekontuetan azalduko direlarik. Administrazio zentraleko lur-sailen transformazioaren bidez lortzen diren gainbalioekin beste 100 milioi bideratzea espero dute.

Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak (117 milioi), Gasteizko Udalak (67 milioi) eta Arabako Foru Aldundiak (50 milioi) jarriko dute.

Adierazpenak

Erakunde ezberdinen arteko akordioak herritarren mesederako direla esan du Sustapen ministroak, eta Gobernu zentralak AHTrekin duen konpromisoa "apurtezina" dela adierazi du, nahiz eta "aurrekontuetan murrizketak izan".

Lurperatzea EAEko erakundeek hiriarekin zuten "zorra" dela azpimarratu du Garraio sailburuak. "Urte gehiegi" blokeatuta izan den obra dela erantsi du Arriolak, eta hori "ulertezintzat" jo du. Kolore politiko ezberdineko administrazioak ados jartzea goraipatu du sailburuak.

Egitasmoa "giza dimentsio batera emandako pauso berria da, eta garapenerako aukera berri bat", hiriko zortzi milioi biztanleek Abiadura Handiko Trena bi ordura izango dutelako, alkatearen ahotan. Bien bitartean, Gasteiz eraldatzeko "behin betiko" akordioa izatea espero du Arabako diputatu nagusiak.

Bi hilabete barru osatuko da lanak kudeatuko dituen elkarte publikoa. 600.000 euroko kapital soziala izango du eta Victor Morlan Azpiegitura estatu-idazkaria izango du presidente.

Geltokia

Arriaga parkearen alboan geltoki intermodala egitea aurrikusten du akordioak, egun Dato kalean (erdialdea) dagoen geltokia ordezkatuz.

Ibilbide berriak bi tunel paralelo izango ditu eta trenbide bikoitza, bidaiarien eta merkantzien zirkulazioa banatzeko. Lur azpitik 6,8 kilometroko tartea izango du eta Zabalgana auzotik Zurbanoraino joango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea