Ekonomia -

Zordunak

Berankorren lehen zerrenda argitaratu du Ogasun Publikoak

Krisi urteetan porrot egindako higiezinen enpresek zorrik handiena pilatzen dute. Mario Conde, Dani Pedrosa, Lorenzo Sanz eta Jose Emilio Rodriguez Menendez, besteak beste, zerrendan daude.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Mario Conde, Pedrosa edo Victorio eta Lucchino, zordunen zerrendan

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerga Administrazioko Estatu Agentziak (AEAT) zordunen aurreneko zerrenda argitaratu du gaur. 4.855 pertsona fisiko zein juridiko agertzen dira zerrendan, 15.600 milioi euroko zor batekin.

AEATko iturriek jakitera eman dutenez, 345 pertsona fisiko agertzen dira zerrendan, 700 milioi euro baino gehiagoko zor batekin. Gainera, beste 4.510 pertsona juridikok 14.900 milioi euroko zorra dute.

Zerrenda AEATko egoitza elektronikoan argitaratu dute. Zergapekoak erabat identifikatzen dituzte, pertsona fisiko zein juridikoak, euren izenak, abizenak, nortasun agiria, arrazoia…

Zergadunaren zigorrak eta zorrak bateratu dituzte zenbatekoetan, milioi bat euro gainditzen diren kasuetan. 2015eko uztailaren 31n zorrak kitatzeko zain zeuden oraindik. Zorra legalki bertan behera utzi edo atzeratu baldin badute ez dira zerrendan agertuko.

Higiezinen enpresek, zorrik handiena

Krisi urteetan porrot egindako higiezinen enpresek zorrik handiena pilatzen dute, besteak beste, Reyal Urbis (378,19 milioi) edo Nozar (203,16 milioi) konpainiek.

Higiezinen sektoreko zordunen artean, gehienak hartzekodunen konkurtsoan edo likidazio prozesuetan daude: Prasa (101,81 milioi), Martinsa Fadesa (65,39 milioi), Grupo Rayet (30,51 milioi), Sanahuja familia (14,84 milioi) edo Polaris World (10,9 milioi).

Beste sektore batzuetako enpresak ere badira, besteak beste, Aurgi (1,6 milioi), Pescanova (4,3 milioi) edo Victorio y Lucchino (2,65 milioi).

Famatuak zerrendan

Bestalde, Mario Conde, Dani Pedrosa pilotua, Areces anai-arrebak, Lorenzo Sanz Real Madrileko presidente ohia eta Jose Emilio Rodriguez Menendez abokatu ospetsua, besteak beste, berankorren zerrendan daude.

Konkretuki, Mario Conde Banestoko presidente ohiak 9,9 milioi euroko zorra du. Era berean, Dani Pedrosa MotoGPko pilotuak 7,8 milioi euroko zorra du.

Carlota Areces Galan El Corte Ingleseko kontseilari ohiak eta Carlos Areces Galan eta Javier Areces Galan haren nebek 3,1 milioi euro baino gehiago zor dizkiote Zerga Administrazioko Estatu Agentziari.

Lorenzo Sanz Real Madrileko presidente ohiak 1,3 milioi euro ordaindu behar ditu, eta Rodriguez Menendez abokatuak 3,6 milioi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea